Eduki publikatzailea

Atzealdea Zizurkilgo Udalak Ugare auzoko garbiketa indartuko du Villabonako festetan

Datorren asteotako bost egunetan TRAECO Medioambiental enpresak garbiketa sakonak egingo ditu

2026·07·22


Urtero bezala, Villabonako festek irauten duten egunetan Ugare auzoak erabilera handia izaten du, eta horren ondorioz zikinkeria nabarmen pilatzen da gure kaleetan. Izan ere, hainbat lagunek auzoa komun publiko gisa erabiltzen dute, eta horrek, beraz, Ugare auzoan osasun eta bizikidetza arazoak sortzen ditu.

Bada, egoera horri erantzuteko eta bizilagunen eskaerei erantzuteko, Zizurkilgo Udalak garbiketa zerbitzua indartzea erabaki du aurten ere. Horretarako, Villabonako Udalak festetarako kontratatutako TRAECO Medioambiental enpresa kontratatu du, eta horrek Zizurkilgo udal langileen lana osatuko du.

Gauzak horrela, datozen egunotan, zehazki, uztailaren 25ean, 26an, 29an, 31n eta abuztuaren 1ean enpresak garbiketa sakonak egingo ditu Ugare auzoan. Lan horietan desinfekzio-ekipo espezializatua erabiliko da, auzoa ahalik eta baldintza onenetan mantentzeko.

Udalaren konpromisoa

Neurriak ahalegin ekonomiko handia eskatzen dio Udalari. Izan ere, bost eguneko garbiketa osagarriak 3.107 euroko kostua izango du.

Hala ere, momentuz behintzat eta gauzak aldatzen ez diren bitartean, Udalaren ustez, beharrezko inbertsioa da Villabonako festen ondorioz Ugare auzoan sortzen den zikinkeriari aurre egiteko eta, noski, auzoko bizilagunen bizi-kalitatea bermatzeko.

Era berean, Udalak dei egiten du espazio publikoak errespetuz erabiltzeko eta bizikidetza arduratsua sustatzeko, festen giroaz gozatu ahal izatea inguruko auzoetako bizilagunen ongizatearekin bateragarria izan dadin.