Eduki publikatzailea
Atzealdea Oporretan Euskaraz udaleku irekien amaiera iritsi da, datorren urtera arte
2026·07·17

Zizurkilgo Udalak, beste urte batez, udaleku irekiak antolatu ditu, haurrek herrian bertan aisialdi zerbitzua izateko, euskaraz. Aurten, gainera, berrikuntza bat izan da, bi eskaintza izan baitira: ohiko “Oporretan Euskaraz” udaleku irekiez gain, aurten berrikuntza gisa “Oporretan Euskaraz Txiki” programa ere martxan jarri da. Bi aukerak eskaintzeko erabakia haurren adinaren araberako bereizketa egiteko hartu da.
Lehen aldiz egin denez bereizketa hori, Udalak balorazio bat egingo du, bi taldeetan banatzeak, aurreikusi zen bezala, onurak eta erraztasunak ekarri ote dituen ziurtatzeko. Beraz, behin udalekuak amaituta gurasoei galdetegi bat bidaliko zaie.
Ekainaren 22an hasi ziren bi programak, eta gaur, ostirala, izango da azken eguna. Lau asteotan 2014 eta 2019 urteen artean jaiotako haurrek, eta 2020 eta 2022 urteen artean jaiotakoek goizak hainbat ekintza egiten gozatzeko aukera izan dute. “Oporretan Euskaraz Txiki” taldekoek goizak bakarrik igaro badituzte ere, handien taldeak egunpasak ere egin ditu.
Maddi Esnaola udalekuen begirale-zuzendaria izan da aurten, eta orokorrean lan-talde osoak balorazio oso baikorra egin duela onartu du: “Eguraldiari dagokionez, alerta egoerak izan ditugu… Horregatik, programan aldaketak egin behar izan ditugu. Baina, guk uste dugu, ondo moldatu garela, eta umeak arriskuan ez jartzeko neurri egokiak hartu ditugula”.
Aldaketa txiki horiez gain, dena behar bezala eta egoki baino egokiago joan dela gaineratu du Esnaolak: "Haurrak gustura etorri dira gurera goizero-goizero”. Gainera, azken urteotan begiraleentzat euskararen erabilera erronka handia izan bada ere, aurten aurrerapauso handia eman dela nabarmendu du: "Sekulako hobekuntza izan dugu alderdi horretan." Horregatik, oso pozik agertu dira lortutako emaitzarekin.


