Eduki publikatzailea
Atzealdea Abuztuaren 12ko eguzki-eklipsearen inguruko informazioa
2026·07·08

2026ko abuztuaren 12an eguzki eklipse oso bat izango da, gure lurraldetik behatu ahal izango dena, baita Zizurkildik ere. Horren harira, Aranzadi Zientzia Elkarteak "Eklipseak, gertakari astronomiko bat baino gehiago" hitzaldia eskainiko du gurean, Plazida Otañoko gela balioanitzean, uztailaren 15ean, asteazkena, 18:30ean.
Eklipseak zergatik sortzen diren, zergatik diren hain bereziak eta nola behatu era seguru batean... horren inguruan hitz egingo da. Publiko guztientzako hitzaldia izango da, beraz, interesa duen oro gerturatu daiteke asteazkenean.
Bada, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak, Osasun Sailak eta Segurtasun Sailak osasun publikoa eta segurtasuna bermatzeko informazioa zabaldu du. Beraz, fenomeno astronomikoaren behaketa segurua egiteko beharrezkotzat jotzen diren prebentzio-neurriak eta segurtasun-jarraibideak irakur ditzakezue jarraian.
Eguzki-eklipse batez gozatzea esperientzia aparta da, kosmosean dugun lekua gogorarazten diguna. Hala ere, babes egokirik gabe behatzeak lesio okular larriak eta itzulezinak eragin ditzake. Erretina berehalako minik gabe mindu daiteke, eta ondorioak ordu batzuk geroago ager daitezke, baina beranduegi da horiek lehengoratzeko.
Horregatik, babes egokia erabiltzea ezinbestekoa da. Inoiz ez zaio eguzkiari zuzenean begiratu behar babes egokirik gabe, ezta eguzki- partzial edo anular batean ere. Era berean, ez dira seguruak: eguzkitako betaurrekoak, erradiografiak, argazki negatiboak edo kristal ketuak. Eklipse bat ikusteko modurik errazena eta seguruena horretarako berariaz diseinatutako betaurrekoak dira, ISO 12312-2 arauaren arabera ziurtatuak. Betaurreko horiek:
- Argi ikusgaia nabarmen murrizten dute.
- Erradiazio ultramorea eta infragorria blokeatzen dute.
- Behaketa labur eta seguruetarako diseinatuta daude.
Garrantzitsua da arauaren amaierako "-2" ari erreparatzea. Izan ere, ISO 12312-1 araua eguzkitako betaurreko arruntei dagokie, eta ez dute balio eguzkiari begiratzeko. Betaurreko ziurtatuekin ere, ez da komeni 45 segundo baino gehiago jarraian behatzea, eta, aldiro, atsedenaldi laburrak egitea komeni da.
Osotasun fasea
Soilik osotasun fasean, alegia ilargiak eguzki-diskoa erabat estaltzen duenean, ikus daiteke eklipsea begi hutsez. Eguzkiaren lehen argia berriz agertu bezain laster, betaurrekoak jantzi behar dira berehala. Betaurrekoek honako hauek izan behar dituzte:
- Europako benetako CE marka.
- Erabiltzeko jarraibideak.
- Iraungitze-data, materiala iraunkorra ez bada.
- Erabili aurretik, baieztatu ez dutela urraturik, pitzadurarik edo kalterik.
Zergatik da hain arriskutsua eguzkiari zuzenean begiratzea?
Eguzkiak hainbat uhin-luzeratan igortzen du erradiazioa, eta honako hauek egin ditzake:
- Erretina erretzea.
- Ikusmenaren galera partziala eragitea.
- Kalte itzulezinak sortzea, baita eguzki-diskoaren % 1 ikusgarri badago ere.
- Erretinak ez du min-hartzailerik, beraz, kaltea gerta daiteke pertsonak unean bertan ezer nabaritu gabe.
Tresna optikoak erabiltzea
Prismatikoek, teleskopioek edo kamerek argia kontzentratzen dute, eta arriskua areagotzen. Eklipse-betaurrekoak ez dira erabili behar aparatu horietatik begiratzeko. Teleskopioak edo pertsona adituek instalatutako eguzki-iragazki ziurtatuak dituzten tresnak baino ezin dira erabili.
Baina, betaurrekoez gain, badaude eguzkiari zuzenean begiratu beharrik ez duten metodo seguruak:
- Proiekzio estenopeikoa (pinhole): Eguzkiaren irudia proiektatzea kartulina bateko zulo txiki baten bidez.
- Proiekzioa instrumentu astronomiko prestatuekin.
- Zuzeneko emankizunak, erakundeek eta komunikabideek eskainitakoak.
Beste gomendio batzuk
Trafikoa ikuspen oneko eremuetarantz handitzea aurreikusten da. Zera gomendatzen da:
- Hurbileko puntu bat aukeratzea, beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihesteko.
- Garaiz iritsi, auto-ilarak saihesteko.
- Itzulerako bidea modu mailakatuan egitea.
- Ertzaintzaren eta beste agintari batzuen jarraibideei kasu egitea.
Eklipsea gertatu baino lehen, aurreko orduetan:
- Azalerako eguzki- babes egokia erabili.
- Kapela edo txanoa jantzi.
- Hidratazio egokia izan.
Kontu handiz ibili behar da haurrekin eta pertsona kalteberekin, behaketan betaurrekoak kendu ez ditzaten.
Eguraldiaren iragarpena, Euskalmeten aurreikuspenak kontuan hartzea komeni da, batez ere arrazoi hauengatik:
- Kostaldeko lanbroak.
- Bero-hodeiak.
- Uda sasoiko trumoi-ekaitzak.
Baliteke elkarte astronomikoek edo tokiko taldeek behaketa publikoak antolatzea, fenomenoaz elkarrekin ikasteko eta gozatzeko aukera ona delako. Jende asko dabilen eremuetan, telefonoetako sareak saturatu egin daitezke. Gomendioak:
- Aurretik mapak edo beharrezkoa den beste informazioa deskargatu.
- Bateria eramangarriak eramatea
Abuztuaren 12an eta 13an pertseidak izaten dira. Aurten, gainera, ilargia ilberri fasean egongo da eta horrek behaketa erraztuko du. Egonaldia luzatzeko asmoa badago honakoa gomendatzen da:
- Berokia eramatea.
- Bateria eramangarriak edo karga-sistemak izatea.
