Eduki publikatzailea

Atzealdea Aurtengo Zizurkilgo Azoka Berezia Udalak eta herriko ekoizleek elkarlanean antolatuko dute, herritarren parte-hartzearekin

Urriaren hasieran izango da azoka, ohi legez, eta herritarren laguntza ezinbestekoa izango da

2026·07·08


Udazkena urrun ikusten bada ere, Udala dagoeneko hasi da aurtengo Azoka Berezia prestatzen, herrigunea postuz eta jendez beteko baita, urtero bezala, urriaren hasieran, eta hori behar bezala gauzatzeko ezinbestekoa da aurretiazko antolaketa-lana. 

Dagoeneko egin da lehenengo bilera irekia, eta antolaketa herritarrekin partekatzeko eta ekarpenak jasotzeko lehen urratsa eman ondoren, ideia lantzeko bilera egin ostean, aurtengo apustua berretsi da: Zizurkilgo ekoizleak izango dira azokaren ardatz nagusia.

Udalak eta herriko ekoizleek, hortaz, saiakera horixe, bertako produktua eta ekoizpena ezagutarazteko saiakera  egin nahi dute. Horretarako, produktuei ikusgarritasuna emateko eta balioa aitortzeko, hainbat ekimen egingo dira. Besteak beste, azokan bertan herriko baserritarren produktuak dastatzeko aukera izango da. 

Udalaren ustez, azokaren izaeraren muina tokiko ekoizpena eta bertako kontsumoa sustatzea da. Eta, hain zuzen ere, Izarne Zelaia Arratibel kultura zinegotziak azpimarratu bezala: “Azoka Bereziaren eguna aukera paregabea da mezu hori indartzeko eta herritarrak herrian ekoitzitakoa ezagutzera, balioestera eta kontsumitzera gonbidatzeko”. 

Elkarlanaren garrantzia

Aurtengo Azoka Berezia, beraz, Udalaren, bertako ekoizleen, eta herritarren elkarlanari esker antolatuko da. Eta lehen bileran nabarmendu zen bezala, herritarren babesa, inplikazioa, parte-hartzea eta konpromisoa funtsezkoak izango dira egitasmoa aurrera eramateko. 

Horregatik, uda amaitu ondoren, irailean, herritarrei berriz ere zabalduko zaie azokaren antolaketan parte hartzeko deialdia. Izan ere, boluntario-lanari eta herritik herriarentzat egindako lanari esker, bilakatu daitezke gauza txikiak handi.