Eduki publikatzailea

Atzealdea Hondakinen kudeaketa: neurri berriak herrigunean eta emaitza onak auzo-konposta gunean

Herriguneko ekarpen-gunean aldaketak egin dira, eta Ugareko auzo-konposta gunean, berriz, erabilera egokia nabarmendu da

2026·06·30


Zizurkilgo Udalak egunero jarraitzen du hondakinen kudeaketa hobetzeko lanean. Horren adibide dira hilabetero alor horretan egiten diren aldaketak eta jarraipenak. Gauzak horrela, azken hilabete honetan azpimarratzeko moduko hainbat gertaera izan dira: batetik, herriguneko ekarpen-gunearen erabilera desegokiaren eta hainbat sabotaje-ekintzen ondorioz, neurri berriak hartu ditu Udalak; eta, bestetik, Ugareko auzo-konposta guneak bilakaera oso positiboa izan duenez, erabiltzaileen konpromisoa eskertu nahi du.

Aldaketak herriguneko ekarpen-gunean

Herriguneko ekarpen-gunean aldaketak egin dira. Aurrerantzean, errefusaren edukiontzia bakarrik egongo da gunearen barruan; ontzi arinen, paperaren, olioaren eta kafe-kapsulen edukiontziak, berriz, kanpoaldera atera dira.

Ekarpen-gunearen barruan errefusaren hiru edukiontzi baino ez dira egongo, eta bertara sartzeko txartela beharko da, sarraila elektronikoa aktibatu baita. Horretaz gain, laster errefusaren edukiontziak ere sarrailadun estalkiak izango ditu, eta irekitzeko txartela erabili beharko da.

Zizurkilgo Udalak hainbat arrazoiengatik hartu du erabakia: sabotajeak saihesteko, hainbatetan etxolen sarrailak eta kableatua hautsi edo lapurtu dituzte; konponketa-gastuak murrizteko, kalteek kostu ekonomiko handia eragiten dute eta hori herritar guztiek ordaintzen dute; hondakinen kudeaketa hobeto kontrolatzeko, txartel bidezko sistemaren helburua erabilera egokia bermatzea eta hondakinak behar bezala bereiztea da; eta txukuntasuna bermatzeko, maiz aurkitu izan da ekarpen-gunea hondakinez beteta.

Hemendik aurrera, beraz, errefusaren edukiontziak erabiltzeko txartela beharrezkoa izango da. Horiek herriguneko udaletxean eskatu ahal izango dira.

Emaitza onak Ugareko auzo-konposta gunean

Aldi berean, Ugareko auzo-konposta guneak emaitza onak izan ditu. Duela pare bat hilabete jarri zen martxan, auzoko bizilagunen eskaerari erantzunez, eta erabilera egokia nabarmendu da; izan ere, Zizurkilgo Udalak auzo-konposta guneen jarraipen etengabea egiten du, egoki funtzionatzen duten eta euren helburua betetzen ari diren egiaztatzeko.

Hasierako egunetan gorabehera batzuk izan ziren arren (besteak beste, erabiltzaile batzuek materia organikoa poltsarekin botatzen zuten eta sukaldeko papera edo plastikozko bilgarriak ere agertu ziren), egun erabiltzaileek gunea behar bezala erabiltzen dute, eta konpostatze-prozesua modu egokian garatzen ari da.

Horren erakusgarri da dagoeneko lehen konpostagailua bete izana, eta, beraz, arduradunek hondakinaren lekualdaketa egin dute. Pixkanaka, beraz, konposta-gune berriko lau konpostagailuak betetzen direnean (konpostaje-prozesuaren lau faseak garatu ondoren), Ugareko lehen ongarria (konposta) eskuratuko dugu.

Herritarren konpromisoa giltzarri

Bi kasuek agerian uzten dute herritarren inplikazioak duen garrantzia. Horregatik, Zizurkilgo Udalak eskerrak eman nahi dizkie hondakinen kudeaketa modu arduratsuan egiten duten herritar guztiei, haien konpromisoarekin eraikitzen baita herri garbiagoa, jasangarriagoa eta eraginkorragoa.