Eduki publikatzailea

Atzealdea Alarma gorria dela-eta Udalak neurriak hartu ditu herritarren ongizatea eta osasuna bermatzeko asmoz

Liburutegia babesleku klimatiko gisa erabiliko da, udaleku irekietan ez da arrisku egoerarik sortuko, San Juan su gauan hainbat neurri ezarriko dira eta kalean diren udal langileak barruko lana egingo dute

2026·06·22


Tenperatura altuengatik alarma gorria ezarri da Euskal Herri osoan, baita Zizurkilen ere. Ondorioz, Udalak neurriak hartu ditu herritarren ongizatea eta osasuna bermatzeko asmoz. 

Besteak beste, babesleku klimatiko gisa erabiliko da liburutegia egunotan. Liburutegian aire girotuarekin eremu fresko eta erosoa sortu daitekeenez, egun osoan zehar irekita egongo da udal eraikina. Herritar oro gerturatu daiteke bertara tenperatura altuei aurre egiteko.

Bestalde, Udalak jakinarazi nahi du udaleku irekietan neurriak hartuko direla arrisku egoerarik ez sortzeko beroa dela-eta. Udaleku irekietako lehenengo egunean umeekin ez da arrisku egoerarik sortu. Eta datozen egunotan ere, lehen orduan kalean egon badaitezke ere, gerizpean ibiliko dira, itzal eremuetan, eta goizean zehar barruko jarduerak edo ur jolasak egitera joko da. 

San Juan suari dagokienez, bai herrigunean, baita Elbarrenan ere, piztu egingo dira. Hala ere, protokolo bat prestatu da eta txondorraren zati handiena erre bezain lasten brigadako langilek eta udaltzaingoek sua itzaliko dute. Gainera, ezin izango da ezer bota, su garra ez handitzeko eta kontrolpean izateko. 

Bestalde, kalean lan egiten duten udal langileen jarduna aldatu da. 12:00k arte kaleko lana egiten egongo badira ere, ondoren barruko lana egiten jardungo dute. 

Gomendioak

Tenperatura altuei behar bezala aurre egiteko Udalak honako gomendio hauexek jarraitzea gomendatzen du: 

  • Saihestu eguneko erdiko orduetan eguzkitan egotea.
  • Ez jarri inoiz zuzenean eguzkitan 6 hilabete baino gutxiagoko haurtxoak.
  • Erabili kapela, eguzkitako betaurrekoak eta eguzki-babes egokia.
  • Jantzi arropa arina, nasaia eta transpiragarria.
  • Saihestu jarduera fisiko bizia egitea, batez ere tenperatura handieneko uneetan.
  • Kontsultatu osasun-langileekin sintoma hauek agertzen badira: ahulezia, nekea, zorabioak, goragalea, ikusmen lausoa edo ordubetetik gora irauten duten alditxarrak.

Gainera, etxea fresko mantendu, deshidratazioa saihestu eta pertsona zaurgarrienak zaindu. Babes zaitez berotik.