Eduki publikatzailea

Atzealdea Zizurkilgo Udalak, Mendigain Eskolarekin batera, herriguneko parke berria inauguratu du

Igandean Eskola Txikien Festan ireki eta erabilgarri egon bazen ere, Udalak herriguneko haurrekin inauguratu nahi izan du

2026·06·16


“Mendigain parkea” izena jarri diote herrigunean berritu den parkeari. Hori dela eta, Zizurkilgo Udala Mendigain Eskolarekin eta bertako ikasleekin bildu da gune berria inauguratzeko. Maite Amenabar alkateak parkearen ezaugarriak eta egindako berrikuntzak azaldu ditu, eta haurrek ere beren iritzia eta proposamenak partekatzeko aukera izan dute.

Esertzeko gune berri eta zabalean elkartu dira denak, eta haurrek hainbat galdera egin dituzte parkearen inguruan. Hala ere, oraindik zenbait lan amaitzea falta da. Besteak beste, kulunketako bat aldatuko da, txikienentzako saskia izango duen kulunka jarriko baita; eskaileretako atea jartzea falta da, margotzeke dago-eta; alde bateko zuhaixkak kendu badira ere, beste aldekoak inaustea falta da; eta landare berriak jarri diren gunean zuhaitz bat landatuko da. “Zuekin batera haziko den zuhaitza jarriko dugu, gerizpea izan dezagun”, gehitu du Amenabar alkateak.

Haurrek Udalaren hitzak entzun ondoren parkean jolasteari ekin diote. Batzuk jauzi egiteko txokora gerturatu dira, beste hainbat kulunkarietara, txirristara igo denik izan da, eta beste batzuk egituretan gora ete behera, zintzilik eta itzulipurdika ibili dira. Agerian geratu da, beraz, parke berriak jolas eta aukera ugari eskaintzen dituela. 

Bide batez, Maite Amenabar alkateak parkearen irekierarekin batera zorionak eman dizkio Mendigain Eskolari igandean herrigunean ospatutako Eskola Txikien Festaren antolakuntzagatik: "Egun ederra izan zen, lan bikaina egin duzue. Zorionak!".

Aldaketa nabarmenak

“Mendigain parkea” lehendik bertan kokatzen zen parkearekin alderatuz gero, oso desberdina dela esan dezakegu. Besteak beste, egurra nabarmentzen da parke berrian. 

Oro har, gaur egun, egurrezko haur-parkeak lehenesten dira, batez ere, lau arrazoi nagusirengatik:

  • Jasangarritasuna eta ingurumenarekiko errespetua ziurtatzeko, egurra baliabide berriztagarria baita.
  • Ingurunearekin bat egiteko, egurrezko parkeak hobeto integratzen baitira berdeguneetan, lorategietan eta ingurune naturalean.
  • Haurren garapena sustatzeko, naturarekiko lotura estuagoa bultzatzen baitute, eta irudimena zein sormena gehiago sustatzen dituzte. 
  • Segurtasuna eta iraunkortasunagatik. Gaur egungo egurrek tratamendu bereziak jasotzen dituzte, substantzia toxikorik gabekoak. Horri esker, hezetasunaren, onddoen eta ezpalen aurrean babestuta daude, eta indarrean dauden segurtasun-arauak betetzen dituzte.

Parke berriak, beraz, jolaserako espazio erakargarriagoa eskaintzeaz gain, jasangarritasunaren, irisgarritasunaren eta haurren ongizatearen aldeko apustua ere egiten du.