Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako Eskola Txikien festa ospatu da Zizurkilen

Udalak eskerrak eman nahi dizkie festan parte harte duten herritar eta boluntario guztioi

2026·06·15


Gipuzkoako Eskola Txikien festa egun eguzkitsu eta beroan ospatu da Zizurkilen. Gipuzkoako hamaika herritatik gerturatu dira haurrak, gurasoak, familiak, gazteak… eta jai giro ederra nagusitu da iluntzera arte luzatu den festan. Mendigain Eskolak antolatuta, 28 urte geroago itzuli da jaia gure herrira, eta erronka handia izan da. Baina egun zoragarria izan da, batez ere, harritarron ekarpenari esker. 

Udala antolakuntzan eragile bat gehiago izan da. Izan ere, Arkaitz Zaldua hezkuntza zinegotzia hasieratik izan da antolakuntzaren oinarrizko taldean. Besteak beste, Udalak baliabideak jarri ditu jaiaren zerbitzura, eta, jaiaren egunean, herritarrekin batera lanean aritu da. Maite Amenabar alkateak aitortu moduan: “Herriko eragileekin elkarlanean egiten direnean ateratzen dira ondoen gauzak, eta horren adibide da Gipuzkoako Eskola Txikien Festaren aurtengo antolakuntza”. 

Horregatik, eskerrik beroenak eman nahi dizkio Zizurkilgo Udalak Mendigain Eskolari, gurasoei, boluntarioei eta jaia aurrera ateratzeko lanean aritu diren guztiei. "Antolakuntza, prestaketak, elkarlana eta konpromisoa ezinbestekoak izan dira; eta, horregatik, eskerrik asko guztioi".
240 boluntario aritu zarete lanean. 240 aldiz, eskerrik asko! 

Eskola Txikiak bizirik

Mirua izan da protagonista Zizurkilgo Eskola Txikien jaian. Zeruan hegan egiten duen hegaztiak goitik begiratuta, lurralde osoa ikusten du; bailarak, herriak, baserriak eta bertan bizi garen pertsonak. Eskola Txikiek ere antzeko lana egiten dute: herri bakoitzaren bihotzean sustraituta egonik, komunitatea elkartzen dute eta gure etorkizunari hegoak ematen dizkiote. Horregatik, herriguneak bizitza izaten jarraitzeko, euskarari arnasa ematen diolako eta beste eskola eredu batean sinesteko aukera ematen digulako Zizurkilek eskola txikia behar du. 

Udalak eta Mendigain Eskolak, beraz, elkarrekin lanean jarraituko dute: “Gure herriaren eta gure haurren etorkizuna eraikitzen, txikitik eragiten duen eredua ezin da-eta ahaztu”. Eskola Txikien Festak Zizurkilgo Udala alboan izan duen bezala, Mendigain Eskolak Udala alboan izango du gaur eta baita etorkizunean ere. Eskola Txikiek bizirik jarrai dezaten!