Eduki publikatzailea

Atzealdea Tolosaldeko alkateek Osasun Sailaren erantzun eza salatu dute, eskualdeko osasun zerbitzuen inguruko arazoen aurrean

Azken hilabeteetan Tolosaldeko Osasun Zerbitzuen alorrean egin duten lanketa azaltzeko eta Osasun Sailaren aldetik izandako erantzunik eza salatzeko asmoz agerraldia egin zuten ostiralean

2024·10·08


Azken hilabeteetan Tolosaldeko Osasun Zerbitzuen alorrean egin duten lanketa azaltzeko eta Osasun Sailaren aldetik izandako erantzunik eza salatzeko asmoz agerraldia egin zuten ostiralean Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak, Asteasuko alkate Pili Legarrak, Alkizako Iñaki Irazabalbeitiak eta Ibarrako Igor Zapirainek Tolosaldeko alkateen mugimenduaren izenean.

Irakurri ezazu Tolosaldeko 25 alkate biltzen dituen mugimenduak argitaratutako oharra:

Egun on.

Tolosaldeko Alkateen mugimendutik prentsa agerraldi hau deitu dugu jakinarazteko zein diren azken hilabeteetan eman ditugun urratsak.

Uztailaren 19an eskutitz bat igorri genion Alberto Martinez Osasun Sailburu berriari, kargua hartu eta gutxira. Mezu horretan, izendapen berriagatik zoriondu eta zorterik hoberena opa ez ezik, gure eskualdearen osasun arretaren egoerak sortzen zigun kezka adierazi genion.

Kezka horiek aurrez aurre partekatu, eta ditugun galderen erantzunak jaso nahian, irailetik aurrera Alkateon Mugimenduko ordezkaritza bat berarekin biltzeko nahia erakutsi genion.

Hori, esan bezala, uztailean izan zen. Bi hilabete pasa eta inolako erantzunik jaso ez genuela ikusita, bigarren eskutitz bat bidali genion, irailaren 19an. Berarekin biltzeko premia berretsi genion.

Bilera horretan, besteak beste, gai hauek jorratu nahiko genituzke Tolosako Alkateen Mugimendua osatzen dugun ordezkariok:

  • Lehen arreta. Bizi duen egoeraren gaineko kezkaz hitz egin nahi dugu: mediku falta, udako murrizketak…
  • Euskara. Tolosaldea oso eskualde euskalduna da eta kontutan hartzeko aldagaia da. Osasun arreta euskaraz jasotzeko eskubidea bermatu nahi dugu.

Badakigu arazo hauek ez direla gure eskualdera mugatzen eta tratamendu orokorra behar dutela, baina gure eskualdean bada bereizten gaituen arazo bat.

Jakingo duen arren, eskualdeak bizi duen egoeraren berri ere eman diogu: gure eskualdeko arreta ospitalarioa Asuncion Klinika pribatuan jasotzen dugu, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Invizarekin duen hitzarmenean oinarrituta.

Hitzarmen hau urteetan ez da behar bezala bete eta klinika pribatu batek ematen du asistentzia publikoa, gainontzeko ospitale publikoen kalitatezko estandarrak bete gabe.

Honen aurrean Osasun Sailak ospitale berri baten eraikuntza proposatu zuen, eta ondoren berretsi izan du irmoa dela erabaki hori.

Argi dago eraikuntza horren inguruko galdera eta kezka asko daudela, bai alkateon artean, baita herritarren artean ere. Ezer egin aurretik argitu beharreko kezkak direla uste dugun arren, eraikitzeko hirigintza izapideak egiten ari da Tolosako Udala. Zergatik? Unea iritsita, eta kezka guztiak argitu ondoren aukerarik onena hori dela argi eta garbi ikusiko balitz, prozesua zerotik abiatu behar ez izateko; hau da, dagoeneko berandu datorren soluzio baterako bidean guztia prest izan eta denborak murrizteko.

Hauexek dira, eraikin berriari buruz ditugun kezkak, sortzen zaizkigun galderak:

  • Osasun azpiegitura berriaren plan funtzionalari dagokionez, gainontzeko eskualdeen zerbitzuak izango al ditu? Ospitalea edo bereizmen handiko zentroa izango al da? Eta horrela bada, non artatuko da bertan artatzen ez dena? Zein izango da Tolosaldearen erreferentziazko ospitalea? Donostiakoa, ala beste bat?... Guk momentuz ez dugu erantzunik, eta gai hauek argitzea ezinbestekoa dela ikusten dugu. 
  • Bestalde, Asuncion Klinikak azken urteetan berritze prozesu garrantzitsua burutu du, eta 9 milioi euroko inbertsioa egin da. Zein helbururekin egin dira inbertsio horiek? Ez ote dira orain instalazioak moderno eta egokiagoak?
  • Azkenik, langilegoari dagokiona. 350 langilerekin, eskualdeko enpresarik handienetarikoa da. Zein izango da langile horien etorkizuna?

Gai hauek kontuan hartuta, Asuncion Klinikaren balizko publifikazioak suposatuko lukeena aztertzea beharrezkoa dela adierazi diogu.

Osasun azpiegitura berria eraikitzeko orubea Osasun Sailaren esku uzteko izapide urbanistikoak bukatzen diren bitartean, Klinika publifikatzea eta ospitale berria eraikitzearen arteko abantaila eta desabantailak aztertzea zentzuzkoa dela uste dugu. Behintzat, informazio guztia mahai gainean egon dadin.

Beste bi aste pasa dira bigarren eskutitz hau bidali genuenetik eta erantzunik jaso gabe jarraitzen dugu. Hortaz, publikoki eta hirugarrenez, epe motzean bilera bat egiteko eskatzen diogu, zalantza hauek guztiak aurrez aurre argitzeko.

Idatzietan Osasun Sailburuari berretsi diogu alkateon helburu bakarra argia dela: Tolosaldean kalitatezko osasun arreta publikoa jasotzea. Horretarako, dugun egoerari soluzioak bilatu behar dizkiogu, gardentasunean sakonduz eta elkarlana indartuz. Norabide horretan, gure eskaria onartu eta elkartu ahal izatea espero eta desio dugu.

Argazkia: Tolosaldeko Ataria