Eduki publikatzailea
Atzealdea Ekainaren 14an Zizurkilgo herrigunean ospatuko da Gipuzkoako Eskola Txikien festa
2026·06·03

Ekainaren 14an Zizurkilgo herrigunea Gipuzkoako Eskola Txikien festan murgilduko da. Goizeko 10:30tan hasiko da festa plazan eta arratsaldera arte luzatuko da. Jolasak, kalejirak, ipuin kontalariak, tailerrak, eskulanak, dantza, puzgarriak, erraldoiak, zirkua, magoa, bertsoak, batukada, pailazoak… denetarik izango da.
28 urte igaro dira lehen aldiz Eskola Txikien Festa Zizurkilen ospatu zenetik, eta ia hiru hamarkada geroago, erronka berari egingo dio aurre Mendigainek. Horregatik, guraso elkarteak eta Mendigaingo hezkuntza komunitateak hilabeteak daramatzate lanean, eta urriaz geroztik Udalaren laguntza izan dute. Arkaitz Zaldua Hezkuntza zinegotziak jaso zuen talde motorraren partaide izateko gonbidapena: “Oso aproposa iruditu zitzaigun parte hartzea; izan ere, horrelako festa bat herrian antolatzeak garrantzi handia du”.
Udala koordinazio-lanetan jardun da batez ere: udal baliabideak kudeatu ditu, inguruko herriekin harremanetan jarri da beharrezko materiala eta azpiegiturak lortzeko, eta udal langileen eta antolakuntza taldearen arteko bitartekaritza-lanak egin ditu komunikazioa ahalik eta zuzenena izan dadin. Zalduaren hitzetan, elkarlana oso erraza izan da: “Giro apartan egin dugu lan, lan-talde ederra osatu baitugu”.
Bestalde, festak Udalaren laguntza ekonomikoa jaso du. Horrelako tamainako ekitaldi batek antolakuntza-lan handia eta ahalegin ekonomiko handia eskatzen duenez, festarako aurrekontu-sail berezia ireki da. “Uste dugu bereziki herritarrek antolatutako ekimen parte-hartzaileak babestu behar direla, eta horrexegatik lagunduko dugu ekonomikoki ere”.
Herrigunearen prestaketa
Gipuzkoa mailan Eskola Txikiek duten indarra eta oihartzuna kontuan izanik, ekainaren 14an jende ugari bertaratzea espero da. Hori dela eta, hainbat neurri hartu behar izan dira eremua ahalik eta erosoena eta seguruena izan dadin. Alde batetik, herrigunean estalkia pilotalekuan bakarrik dagoenez, udaletxe aurreko dema plazan eta Pedro Maria Otaño Plazan karpak jarriko dira: euria eginez gero aterpea izateko, eta eguzkia eginez gero, itzala.
Bestetik, trafikoari dagokionez, eragin nabarmena izango da herrigunean. Izan ere, jarduerak eta ekitaldiak segurtasunez egin ahal izateko, kaleak ibilgailurik gabe egon beharko dira, horiek jendea hartzeko, jolasak eta ekitaldiak antolatzeko eta jai-eguna behar bezala ospatzeko baliatuko baitira. Beraz, bizilagunek aldez aurretik atera beharko dituzte ibilgailuak herrigunetik. Ekainaren 14an erabat libre (ibilgailurik gabe) egon beharko dira honako hauek:
- Teodoro Hernandorena kalea
- Epergain kalea
- Hilerri bidea
- Altziturri bidea
Era berean, eliza atzeko aparkalekuan eta Buztinbailara bidearen hasieran dauden aparkalekuetan ezingo da autorik utzi. Antolakuntzak, lau aparkaleku zehaztu ditu herrigunean dauden autoak bertara eramateko. Hauexek dira:
- Lartin atzekaldeko aparkalekua
- Hilerriko aparkalekua
- Zalditokiko aparkalekua
- Portxetako aparkalekua
Muntaia-lanak ekainaren 11n, ostegunean, hasiko dira. Hortaz, beranduenera, ekainak 13ko goizerako (hau da, larunbat goizerako) herrigunean dauden ibilgailu guztiak aipatutako aparkalekuetara mugitu beharko dira.
Herrigunera igotzeko moduak
Aipatu moduan, Elbarrenatik herrigunera ezingo da ibilgailurik igo (Olentzo aldetik ere ez), horregatik, kanpotik datorren jendearentzat ere hainbat aparkaleku egokituko dira. Festaren egunean, igandean, herriko sarreretan boluntarioak egongo dira autoak egokitutako aparkalekuetara bideratzeko.
Behin autoa aparkatuta, Elbarrenatik herrigunera igotzeko doako autobus zerbitzua izango da. Zalduako biribilgunean eta Gashor-en egingo dituzte geldialdiak autobusek, bai herritarrak, baita kanpotik datozenak igotzeko ere. Egun guztian zehar ibiliko dira joan etorriak egiten (goizeko 9:30etik ilutzeko 20:00k arte) eta jende gehien biltzen den orduetan bi autobus ibiliko dira.
Bide batez, Udalak eta Eskola Txikien Festaren antolatzaileek zera eskatzen dute: boluntarioen jarraibide eta argibideei jaramon egitea festaren garapena ahalik eta egokiena izan dadin.
Herritarren babesa
Festa aurrera eramateko 200 boluntario biltzea lortu da, aurretiazko lana antolatzeko nahiz jai egunean laguntzeko. Udalak azpimarratzeko kopurua eta “pozgarria” dela aitortu du. Horregatik, herritar guztiak eskertu nahi ditu, Zalduak adierazi moduan: “Sekula ez baita ahaztu behar askotan herri honetan eta inguruan ekimen asko boluntario lanari esker eramaten direla aurrera”.
Ekainaren 14an Zizurkilgo herrigunean herritarrak batu eta komunitate izaera bultzatuko duen egun polita sortzea espero dutela aitortu du Maite Amenabar alkateak. Gainera, herriguneko bizilagunez gain, herritar oro gonbidatzea ere ezinbestekoa iruditzen zaio Udalari, egun borobila izateko herri osoa batzea garrantzitsua baita.
Hori dela eta, Zizurkilgo Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu ekainaren 14an herrigunera igo eta Gipuzkoako Eskola Txikien Festaz gozatzera. Ospatu dezagun egun ederra eta jarrai dezagun komunitatea sendotzen!


