Eduki publikatzailea

Atzealdea Udalak herriguneko hondakinen etxoletan gertatutakoa salatu nahi du

Eliza atzeko etxolako kableazio elektrikoa puskatu eta lapurtu da; pilotaleku atzekoa, berriz, indarrez hautsi da

2026·05·12


Zizurkilgo Udala herriko hondakinen kudeaketa hobetzeko lanean ari da, eta horren adibidea da, besteak beste, auzo-konpostaguneen eta ekarpen-guneen alde egindako apustua. Gainera, azken hilabetean Ugaren auzo-konpostagune berri bat jarri da martxan, eta harrera bikaina izan du.

Hala ere, Udalak hondakinen kudeaketaren aurka egindako azken sabotajea salatu nahi du. Denbora luzez ekarpen-guneak, auzo-konpostaguneak eta etxolak irekita egon diren arren, azken astean itxi eta zerraila elektronikoak aktibatu dira, erabilera egokia bermatzeko. Neurri horren bidez, Zizurkilgo familiek guneak txartelaren bidez irekitzeko aukera dute. Maite Amenabar alkatearen hitzetan, “zerraila elektronikoen bidezko itxierak hondakinen kudeaketa egokia bermatu, erabilera desegokiak saihestu eta herritarren arteko bidezko erabilera ziurtatzea du helburu”.

Herritarrentzat onuragarria eta herriarentzat positiboa den neurria, ordea, sabotatua izan da. Herriguneko bi etxolak kaltetu dituzte, eta ondorioz, aurrerantzean ezin izango dira itxi. Gainera, Elbarrenako ekarpen gunearen zerraila ere hainbatetan hautsi da, eta gaur egun ezin da itxi. 

Halako kalteek eta etengabeko konponketek gastu ekonomiko handia eragiten dute, eta gastu horiek herritar guztiek ordaindu behar izaten dituzte. Era berean, erabilera desegokiak sistemaren eraginkortasuna kaltetzen du eta hondakinen kudeaketa egokia zailtzen du. Ondorioz, egoeraren larritasuna ikusita, Udalak neurriak hartuko ditu.