Eduki publikatzailea
Atzealdea Konponketak eta asfaltatze lanak egin dira herri-bideetan
2026·05·06

Azken hilabete honetan Zizurkilgo herriguneko Hernandorena kalea asfaltatzeaz gain, Buztinbailarara doan errepidean eta Ihartza auzoan konponketa lanak egin dira. Aipatutako azken bietan zuloak tapatu dira, bideen egoeraren aurrean, eta bizilagunen eskaerei erantzunez, konponketa horiek egitea beharrezkoa ikusi baitu Udalak.
Herrigune erditik doan kaleari dagokionez, aldiz, Hernandorena 13tik hasita Pedro Maria Otaño plazaraino asfaltatu da. Horregatik, oinezkoen pasabide berriak egin dira. Haatik, errepideko margoketa lanak egiteke daude oraindik.
Egindako lanen kostua
Buztinbailarara doan bideko konponketak buzoiak dauden etxolatik hasita Herrigunera bitarteko bide zatian egin dira. Konponketa lan horiek 16.436,86 euroko kostua izan dute eta Asfaltos Mularri enpresak egin ditu.
Hernandorena kaleko asfaltatze lanaren aurrekontua 41.611,17 eurokoa izan da. Azken lan hori, berriz, Asfaltos Urretxu S.A. enpresak gauzatu du.
Lanak zizurkildarren irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko helburuarekin egin dira, herri-bideetan egindako konponketek herritarren erosotosasuna bermatzen baitute.



