Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako Pasaka Txapelketa – Zizurkilgo Zimiterio Saria abian da

Zizurkilgo Udalak, Gipuzkoako Pilota Federazioarekin elkarlanean, Gipuzkoako Pasaka Txapelketa – Zizurkilgo Zimiterio Saria antolatu du

2026·04·16


Zizurkilgo Udalak, Gipuzkoako Pilota Federazioarekin elkarlanean, Gipuzkoako Pasaka Txapelketa – Zizurkilgo Zimiterio Saria antolatu du. Txapelketa apirilak 12an hasi zen eta finala maiatzaren 24an jokatuko da. Itzuli bateko gizonezkoen ligaxka da eta sei bikotek parte hartuko dute. Hori dela eta, kanporaketa partidak maiatzak 10 bitarte astero egingo dira Zizurkilgo zimiterioan. 

Pasaka modalitate berezia da, leku gutxi batzuetan bakarrik jarraitzen baitu bizirik. Iñaki Lizasok, Gipuzkoako Pilota Federazioko ordezkariak, zera onartu du:  “Oiartzunen eta Zizurkilen soilik jokatzen da gaur egun, eta horrek are bereziagoa egiten du. Pasaka jokoa mantentzea gure kirolaren ondarea zaintzea da, eta herritarrak modalitate hau ezagutzera animatzen ditugu”.

Izarne Zelaia Arratibel Kultura, Euskara eta Gazteria zinegotziak pasaka modalitatea Zizurkilen jokatzea pozgarria dela adierazi du: “Zizurkil herri pilotazalea da, eta antzinako modalitatearen Gipuzkoako Txapelketa beste urte bat gehiagoz gure herrira ekartzea ederra iruditzen zaigu. Gainera, Zizurkilgo Zimiterioak pasakan jokatzeko ezaugarri egokiak ditu”.

Beraz, datorren hilabetean Zizurkilgo zimiterioan pasaka modalitatea nagusituko da. Karrera-Chiapuso (Behar Zana Pelota Elkartea eta E.P.L.E [Errenteriako Pilotaren Lagunen Elkartea]), Zufiria-Oñate (Behar Zana Pelota Elkartea), Urbieta X.-Urbiena A. (Behar Zana Pelota Elkartea-Txost Oiartzungo Pilota Kirol Kluba), Urbieta J.-Urbieta I. (Behar Zana Pelota Elkartea-Txost Oiartzungo Pilota Kirol Kluba), Alberdi-Aizpuru (Tolosa Aurrera Pilota Elkartea) eta Lizaso-Urruzola (Behar Zana Pelota Elkartea) pelotariek parte hartuko dute txapelketan. Aipatzekoa gainera, jubenil mailako bikotea ere izango dela txapelketan, hain zuzen ere, Zufiria-Oñate bikotea. Lizasok bikote gazteen parte hartzea beharrezkoa eta ederra dela gaineratu du, modalitateak bizirik jarraitu dezan. 

Pasaka modalitatea 

Pasaka plaza librean jokatzen ez den joko zuzen bakarra da. Leku itxietan jokatzen da, hala nola, arkupeetan (zimitorioak edo udaletxeetako arkupeak), trinketeetan eta frontoi motzetan. Partida sare batek bereizitako bi eremuetan garatzen da, eta, hain zuzen ere, sake-eremua gainerakoa baino luzeagoa da. 

Sakean pilota sarearen gainetik pasa behar da, eta kontrako frontisean jo behar du, marraren edo txaparen gainetik. Ondoren, beste taldeko pilotariak erantzuten du, eta, sarearen bi alderdietan hasten da norgehiagoka. Sakean pilota frontisera iristea errespetatzen bada ere, jokoan pilotariek airez erantzun dezakete.

Modalitatea neguko joko gisa ezagutzen da, eta eskuz nahiz eskularru motzarekin joka daiteke, hala ere, eskularruekin jokatuz gero, pilota handiagoa izaten da; izan ere, pilota goxoa erabiltzen da, trapu asko eta kizkirik gabea. Pasakak badu berezitasun bat gehiago, puntu-kopurua ez da tanto bidezkoa, jokoen bidezko kontaketa sistema egiten baita pasakan: hamabost; hogeita hamar; berrogei; eta, ondoren, jokoa lortzen da.