Eduki publikatzailea

Atzealdea Konpost ikastaroa antolatu da herritar ororentzat

Auzo-konpostaguneek harrera bikaina izan dutenez, Udalak konpost ikastaroa eskainiko du

2026·04·08


Auzo-konpostak Zizurkilen hondakin organikoak auzoan bertan eta modu jasangarrian kudeatzeko aukera ematen du. Ugareko konpostagune berriari esker, bertako auzotarrek ere auzo-konposta sisteman parte hartzeko aukera izango dute. Zehazki (eta momentuz) 22 etxebizitza berri gehitu dira sistemara. Auzo-konpostagunea apirila bukaerarako erabilgarri izatea aurreikusten da; hala ere, bertako bizilagunei jakinaraziko zaie.  

Konpost sistemara gehitu den jende kopurua kontuan izanik, Udalak apirilaren 15ean, asteazkena, arratsaldeko 18:00tan, konpostari buruzko dohako ikastaro laburra antolatu du. Atxulondo Kultur Etxeko areto nagusian egingo da eta bertan konposta zer den, nola egin behar den, zertarako balio duen eta zer onura dituen azalduko da. 

Herritar orori zuzendutako ikastaroa izango da, konpostari buruz ikasteko aukera bikaina izango baita. Alabaina, ikastarora joateko Zizurkilgo Udalaren Egoitza elektronikoan edo Udal Bulegoetan eman behar da izena.

Proiektu berritzailea

Hondakinak behar bezala deskonposatzeko prozesua egoki egitea funtsezkoa da. Bada, proiektu berritzaile bati esker, Andoaingo La Salle Institutuko Lanbide Heziketako ikasleek garatutako gailuari esker, Udala herriguneko udaletxe aurreko auzo-konpostaguneko datuak biltzen ari da.

Gailuak tenperatura neurtzen du; izan ere, gakoa tenperatura da, deskonposizioa modu egokian gerta dadin (deskonposizio fasean 70 gradu inguruan egon behar da konposta). Proiektu berriari esker, beraz, zera jakin daiteke: prozesu naturala bide onetik ote doan, hondakin organikoak konpost bilakatzen ari diren eta sortutako ongarria erabilgarria ote den.   

Gainera, guneen erabilera egokia bermatzeko txartel birtualen sarrailak jarriko dira martxan. Txartel oro etxebizitza bakoitzari lotuta egongo da. Udalak txartelak erabilgarri daudenean jakinaraziko du.

Auzo-konpostaren onurak

Ekimenak onurak dakartza herritarrentzat eta herriarentzat. 

  • Alde batetik, onura nabarmenena: hondakinaren kudeaketa herrian bertan gauzatuko da, modu egokian eta jasangarrian.  
  • Beste alde batetik, lorezaintzan nahiz berdeguneetan eragingo da: prozesu naturalaren bidez sortzen den ongarria herrian bertan erabiliko da, eta lurzoruaren egitura hobetu, uraren atxikipena handitu eta mikrobio-jarduera sustatuko da.
  • Eta azkenik, onura ekonomikoa: konpostagunea erabiltzen dutenek hondakin organikoa ohiko bilketa-sistematik kanpo kudeatuko dutenez, urtean 225 euro ordaindu beharrean, 168,76 euro ordainduko dute. 

Sistema honen parte izan nahi dutenek izena eman beharko dute, Udal Bulegoetan edo zizurkil.eus webgunearen bitartez.