Eduki publikatzailea

Atzealdea Asiako liztorraren tranpatze kanpaina aurten ere martxan da

Udalak eta Tolosaldeako herriak koordinatuta Asiako liztorraren (Vespa velutina nigrithorax) aurkako tranpatze-kanpaina martxan jarri dute

2026·03·30


Aurten ere, Udalak Asiako liztorraren aurkako tranpatze-kanpaina martxan jarri du. Kanpainaren helburua intsektu inbaditzailearen populazioa kontrolatzea eta murriztea da, ingurumenari, nekazaritzari zein osasun publikoari eragiten dizkion kalteak gutxitzeko.

Eskualde mailan herriak koordinatuta egiten ari den tranpatze-kanpaina da aurtengoa; izan ere, kanpaina 2025ean agertutako habi kopuruaren arabera burutu da. Hortaz, 2025ean agertutako kabi bakoitzeko, 2026ean, 400 metroko erradioan, 2 tranpa jarri dira.

Zizurkilen 23 habi azaldu zirenez 2025ean, martxoaren 9an hasi zen egitasmoaren baitan 46 tranpa jarri dira udalerrian. Tranpa guztiak astero errebisatzen dira, likido erakargarria berritu eta bertan eroritako intsektuen kontaketa egiten da. 

Maite Amenabar alkateak argi adierazi du Asiako liztorraren hedapena murriztea ezinbestekoa dela: “Tranpa-kanpainak emaitza onak eman ditu aurreko urteetan, eta aurten ere ahalegin berezia egingo dugu espezie inbaditzailea kontrolatzeko”. 

Dagoeneko eskualdean jarritako tranpetan hasi dira liztorrak erortzen. Lehen astean guztira 36 erori baziren ere, 213 liztor erori diren asteak ere izan dira jada Tolosaldean. Beraz, alde ikaragarria dago astetik astera. 

Tranpak ez dira ikutu behar, eta edozein arazo izanez gero, belarmendi@gmail.com edo info@balerdipeko.eus helbideetara idatzi. 

Kanpainaren onurak

Asiako liztorrak kalte larriak eragiten dizkie tokiko ekosistemei eta bertako biodibertsitateari, eta bereziki erle beltzari. Erlea funtsezkoa denez polinizazioan eta nekazaritzan, neurriak hartzea beharrezkoa da. Jatorriz Asiako hego-ekialdekoa den espezieak jada Euskal Herria kolonizatu du, faunan, nekazaritzan eta osasun publikoan arriskuak sortzen dituen bitartean. 

Tranpatze-kanpainaren bidez, helburu hauexek lortu nahi dira:

Liztor-populazioa murriztea: ekosistemaren oreka berreskuratzen laguntzeko. 

Liztor horien ziztadek erreakzio alergiko larriak eragin ditzakete: populazioa murriztean, ingurune seguruagoa sortzen da.

Bertako erleak, nekazaritza, biodibertsitatea eta polinizazio-prozesua babestea: Asiako liztorra espezie autoktonoekin lehiatzen da janariagatik edota espazioa bezalako baliabideengatik.  

Nekazaritzan eragindako kalteak murriztea: liztorrek intsektuak harrapatzen dituzte, baita bertako erleak ere, laboreak polinizatzeko eta elikagaiak ekoizteko ezinbestekoak direnak.

Epe luzeko gastuak aurreztea: habiak kentzeko lanak eta osasunari eragindako gastuak saihestu daitezke.