Eduki publikatzailea
Atzealdea Zizurkilgo Udalak salatzen du idazkari kontu-hartzaileen faltak herritarrei kalte egiten diela
2026·03·12

Zizurkilgo Udala idazkari gabe dago ostera ere. Idazkariak izendatzeko eskumena duten goragoko erakundeen aurreikuspen falta eta gabezien ondorioz, Udal askotako arazoa bihurtu da, bereziki Gipuzkoan. Herri txikietan ordea, egoera larriagoa da. "Herri txikietan ez dugu lantaldean idazkari kontu-hartzaile izateko modua duen beste inor, eta beraz, Udal jarduera erabat oztopatuta geratzen da" salatu du Maite Amenabar alkateak.
Idazkaria ezinbestekoa da Udal baten funtzionamenduan, esaterako, kontratazioak edo udalbatzak egiteko eta oro har Udal egitasmo nagusi guztiak aurrera eramateko. Bost urtetan lau idazkari izan ditu Zizurkilek eta ostera gabe geratu berri da, mugimenduak tarteko. "Saiatzen ari gara Aldundiarekin eta Jaurlaritzarekin egoera bideratzen baina uste dugu herritarrek jakin behar dutela zer ari den gertatzen. Azken finean, herritarrak dira kaltetuak".
