Eduki publikatzailea
Atzealdea Horma-irudi berriak herriko emakume guztiak omenduko ditu
2026·03·10

Zizurkilgo emakumeen aniztasuna irudikatuko duen horma-irudi bat sortzen ari dira egunotan Elbarrenan. Belaunaldi desberdinetako emakumeak, herritarrak zein kaletarrak irudikatuko ditu lanak, herriaren errealitatea islatu eta emakume guztiak omendu nahian. Proiektuaren helburua, hain zuzen ere, Zizurkilgo emakumeei aitortza egitea da; izan ere, egitasmoa Martxoaren 8aren harira abiatu da.
Horma-irudiak, gainera, omenaldi berezia egingo dio feminismoaren aitzindaritzat hartzen den emakumeari, Kaxildari (1914, Zizurkil – 1992, Biarritz). Haren hilobian ageri den esaldia izango da muralaren ardatza: “Andra! Zu zera bukatzen ez den sua!”. Esaldi horren bidez, Kaxildari ez ezik, haren lagun Begoña Gorosperi ere egingo zaio aitortza, bera baita muraleko esaldiaren egilea.
Proiektuan, beraz, udalaren lehentasuna Zizurkilgo emakume sortzaileei aukera eskaintzea eta ikusgarritasuna ematea izan da, eta horren adibidea da Izaro Lizarraga zizurkildarraren parte-hartzea. Gainera, Arantxa Orbegozo “Txitxi” eskualdeko artistak ere parte-hartu du proiektuan.
Horma-irudiaren inaugurazioa
Izarne Zelaia Arratibel Kultura zinegotziak adierazi du irudia mezu sendoa bidaltzeko baliagarria dela: “Horma-irudiaren bidez, herriko iruditegian genero berdintasunak iraunkorki tokia izango du, eta, hortaz, martxoaren amaieran inaugurazio txikia egin nahiko genuke”. Murala aurkezteko ekitaldi kulturala antolatuko da emakume sortzaileen presentzia nabarmenarekin. Gainera, Kaxildaren ilobak eta Begoña Gorospe ere izango dira ekitaldian. “Omenaldi polita egin nahi dugu, eta, bide batez, eskerrak ere eman nahi dizkiogu etxebizitzaren horma herriari eskaintzea erabaki duen familiari”.
Inaugurazioaren data zehatza aurrerago jakinaraziko da Udalaren sareetan.
