Eduki publikatzailea

Atzealdea Atxulondo Kultur Etxearen fatxada eta estalkia berritzeko lanak hasi dira

Obren helburua fatxada eta estalkia berritzea da, eraikinaren eraginkortasun energetikoa hobetzeko.

2026·03·04


Atxulondo Kultur Etxearen energia-eraginkortasuna hobetzeko helburuarekin, eraikinaren fatxada eta estalkia berritzeko lanak martxan dira dagoeneko. 

Zizurkilgo Udalak 150.000 euroko dirulaguntza jasoko du proiektua gauzatzeko, eta obrak 362.600,91 euroko aurrekontua izango du. Izan ere, egitasmoa Europar Batasunaren NextGenerationEU programaren bidez finantzatuko da, Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan.

Lanak Urbycolan enpresari esleitu zaizkio, eta aurreikuspenen arabera, iraila bitarte luzatuko dira.

Zer egingo da? 

Birgaitzearen ardatza eraikinaren kanpoaldea izango da. Helburu nagusia eraikinaren isolamendua hobetzea da, bero-galerak murriztu eta energia-eraginkortasuna handitzeko. Horretarako, fatxada eta estalkiko elementuak berritu eta egokituko dira, beharrezko eraispen eta konponketa lanak eginez.

Behin lanak amaituta, eraikinak energia gutxiago kontsumituko du, eta erabiltzaileei espazio erosoagoa eta jasangarriagoa eskainiko die.

Kultur etxeko jarduerak

Obrek dirauten bitartean, kultur etxeko jarduerak normaltasunez mantentzea da helburua. Hala ere, unean uneko lanen arabera, baliteke ekintzaren batean aldaketaren bat egin behar izatea; halakorik gertatuz gero, Udalak aurrez jakinaraziko du.

Maite Amenabar alkateak azpimarratu du udal-eraikin publikoak eguneratzea eta energetikoki hobetzea lehentasunezkoa dela: “Atxulondo herritarren topagune garrantzitsua da, eta baldintza onenetan egotea nahi dugu, bai erosotasunari dagokionez, baita jasangarritasunari dagokionez ere. Eta, gainera, inbertsio honek gaur egungo beharrei erantzuteaz gain, etorkizunari arduraz begiratzeko borondatea erakusten du”.

Esku-hartze honek Zizurkilgo Udalak herriko azpiegiturak modernizatzeko eta jasangarritasunaren alde urrats sendoak emateko konpromisoa berresten du. 
 

atxulondo birgaitze energetikoaren maketa

atxulondo birgaitze energetikoaren maketa
 

atxulondo birgaitze energetikoaren maketa
 

atxulondo birgaitze energetikoaren maketa
 

atxulondo birgaitze energetikoaren maketa