Eduki publikatzailea
Atzealdea Mugikortasun jasangarria hizpide Otaño eskolan, Eskola Agenda 2030 egitasmoaren baitan
2026·03·02

Maite Amenabar alkatea eta Xabier Blantx udaltzainburua Otaño eskolan izan dira, Mugikortasun Jasangarriaren inguruko motibazio saioan parte hartzen. Saioa Eskola Agenda 2030 egitasmoaren baitan egin da, Garapen Jasangarrirako Helburuen artean kokatzen den Hiri eta Komunitate Jasangarriak ardatz hartuta.
Saioan, ikasleek iazko ikasturtean mugikortasunaren inguruan hartutako konpromisoak gogoratu eta baloratu dituzte. Hiru zikloetako ikasleek honako konpromiso hauek hartu zituzten, besteak beste:
- Ahalik eta gehien oinez edo motorrik gabeko ibilgailuekin mugitzea.
- Garraio publikoa sustatzea eta autoaren erabilera murriztea.
- Bide-segurtasun arauak errespetatzea eta herrian ohitura jasangarriak zabaltzea.
- Egindako lanketa eta hausnarketak familietara eramatea.
Iazko ikasturte amaieran egindako Udal Foroan, ikasleek udalari hainbat eskaera ere luzatu zizkioten, herrian mugikortasun seguruago eta jasangarriagoa bermatzeko asmoz. Besteak beste, trafikoa gutxitzeko neurriak aztertzea, bizikletentzako aparkaleku gehiago jartzea, bidegorriak eta oinezkoentzako bideak hobetzea, ibilgailuen abiadura kontrolatzeko neurriak ezartzea eta espaloiak zabaltzea proposatu zuten.
Gaurko saioan, alkateak eskaera horien inguruko eguneraketa partekatu du ikasleekin, udala une honetan zein puntutan ari den lanean azalduz. Halaber, mugikortasunaren arloan egindako aurrerapenen berri eman du, eta Foru Aldundiarekin elkarlanean emandako urratsak zehaztu ditu.
Ikasturte honetako prozesuak maiatzaren 21ean izango du hurrengo hitzordu garrantzitsua: Udal Foroa. Bertan, ikasleek aurten landutako ondorioak eta proposamen berriak aurkeztuko dizkiote udalari.
Eskola Agenda 2030 egitasmoak hezkuntza komunitatea eta udala elkarlanean jartzen ditu, herri jasangarriago bat eraikitzeko bidean. Gazteen ahotsa entzun eta kontuan hartzea funtsezkoa da etorkizuneko Zizurkil irudikatzeko eta eraikitzeko.
