Eduki publikatzailea
Atzealdea Aldundiak Olentzoko bidegurutzean biribilgunea egingo du eta Ernio zein Bulandegi bideetan segurtasuna indartuko du
2026·02·11

Mikel Uribetxeberria Plangintza eta Ustiaketa zuzendaria izan da gaur Zizurkilen, herriak aspaldidanik pairatzen dituen trafiko arazoei irtenbidea emateko aurreikusitako neurriak bertatik bertara azaltzeko.
Bisita hau joan den astean Gipuzkoako Foru Aldundian egindako bileraren jarraipena da. Bilera horretan, Maite Amenabar Zizurkilgo alkatea eta Larraitz Alkorta Asteasuko alkatea Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako foru diputatuarekin eta Mikel Uribetxeberriarekin bildu ziren, Zizurkildik Asteasura doan errepidearen inguruan Zizurkilgo Udalak 2025eko otsailean aurkeztutako eskaerari buruzko erantzuna jasotzeko.
Hainbat legealditan zehar egindako eskaeren ondoren, bilera horren bidez Aldundiak neurri zehatzak mahai gainean jarri ditu lehen aldiz, Zizurkilgo Udalak luzaroan aldarrikatu dituen esku-hartzeei bide emanez.
Olentzoko bidegurutzean biribilgunea
Udalak aurkeztutako eskaeran saihesbidearen proiektua lehenesten badu ere, proposamenean jasotzen zen proiektuetako bat Olentzoko bidegurutzean biribilgune bat egitea zen, bertatik igarotzen den trafiko handia dela eta, herrigunetik jaisten diren ibilgailu zein oinezkoen segurtasuna bermatzeko.
Felix Urkolak eta Mikel Uribetxeberriak jakinarazi dute proiektua %100ean bere gain hartuko duela Aldundiak, hasiera batean udalaren eskumenekoa izan zitekeen arren. Aldundiaren aldetik, proiektua idatzita dago dagoeneko, eta lanak gauzatzeko beharrezko aurrekontua ere badago.
Aurkeztutako proposamenaren arabera, 32 metroko diametroa izango duen biribilgunea egingo da, Zalduakoa bezalakoa. Horri esker, ibilgailuen abiadura kontrolatuko da eta oinezkoentzako segurtasuna indartuko da. Gainera, oinezkoentzako pasabide segurua jarriko da egungo Zizurkil–Asteasu bidegorrira igarotzeko, eta biribilgunean bertan bi autobus geltoki identifikatu eta egokitzea aurreikusten da.
Maite Amenabar alkateak adierazi duenez, “urte luzez egindako eskaeren ondoren, gaurkoak aurrerapauso esanguratsua dira. Biribilgunearen proiektua urrats garrantzitsua da herriguneko segurtasuna hobetzeko, eta herritarren egunerokoan zuzenean eragiten duen arazo bati erantzuna emateko”.
Ernio eta Bulandegi bidean esku-hartzeak
Oinezkoen segurtasuna indartzeko helburuarekin, Zizurkilgo Udalak Ernio eta Bulandegi bideetan esku hartzeko beharra jaso zuen 2025eko otsailean egindako eskaeran. Eskaera horri erantzunez, Aldundiko ordezkariak herrira bertaratu dira egoera bertatik bertara aztertzeko, eta errepidearekin lotutako ondorengo neurriak Aldundiak berak hartzea adostu da:
- Abiadura 50 km/h-tik 30 km/h-ra murriztea. Udalak jada radar pedagogikoak jarrita ditu gidarien kontzientziazioa lantzeko, baina nabarmendu da benetako eragina Aldundiak abiadura murrizketa ofizialki ezartzen duenean etorriko dela.
- Seinaleztapen bertikala egokitzea, trafiko arauak eta oinezkoen lehentasuna argiago adierazteko.
- Isletak gorriz margotzea, ikusgarritasuna handitzeko.
Halaber, oinezkoen segurtasuna hobetzeko, Udalak zebrabide guztiak altxatzea eskatu zuela adierazi du Amenabarrek, baina “Aldundiak neurri hori ez du bideragarritzat jo”. Horren ordez, oinezkoak lehenesteko beste neurri osagarri batzuk aztertzeko eskatu dio Udalak.
Bestalde, errepideen argiztapena Udalaren eskumenekoa izatea adostu da, argiztapenak errepidean ez ezik espaloietan eta oinezkoengan ere eragin zuzena duelako.
Saihesbidearen egoera
Udalaren ustez, saihesbidea da Zizurkilgo trafiko arazoari irtenbide iraunkorra emateko giltzarrietako bat. Aldundiak azaldu du Udalak aukeratutako lehen proiektua ekonomikoki ez dela bideragarria, eta ondoren proposatutako bigarren aukerak, Udalaren iritziz, ez duela balio Hiria Antolatzeko Plan Orokorraren garapena oztopatzen duelako.
Gaur egun, Aldundia aukera berri bat aztertzen ari da, nahiz eta lehentasun handiagoko beste azpiegitura proiektu batzuk ere eskuartean dituztela adierazi duten. Hala ere, saihesbideari irtenbide bat emateko konpromisoa berretsi dute.
Amaitzeko, Zizurkilgo Udalak adierazi du lanean jarraituko duela, hartutako konpromisoak gauzatzen direla bermatzeko eta herriak aspaldidanik eskatzen duen trafikoari irtenbide oso eta iraunkorra lortzeko.
