Eduki publikatzailea
Atzealdea Zizurkilgo Udalak 4,5 milioi euroko aurrekontuak onartu ditu 2026rako
2026·01·28

Zizurkilgo Udalak 2026. urterako aurrekontuak onartu ditu osoko bilkuran, PSE-EEren abstentzioarekin eta EAJ-PNVren aurkako botoekin. Guztira, 4.503.300 euroko aurrekontua izango du udalak, aurreko urtearekin alderatuta 500.000 euro inguruko igoerarekin. Aurrekontuek ikuspegi soziala dute ardatz, eta udal gobernuaren lehentasunak islatzen dituzte: herritarren bizi kalitatea hobetzea, gizarte zerbitzuak indartzea eta espazio publikoak zaintzea.
Maite Amenabar alkateak azaldu duenez, aurrekontuak testuinguru ekonomiko egonkor batean onartu dira, eta aldez aurretik gainerako udal taldeei helarazi zitzaizkien, ekarpenak egiteko aukera emanez. Hazkundea ez dator gastu arruntaren igoeratik, baizik eta diru-sarrera jakin batzuen handitzetik: alde batetik, Foru Aldundiaren ekarpen handiagoa, eta bestetik, Zubiondoko etxebizitza berrien eraikuntzarekin lotutako udal tasak. Horrez gain, Next Generation funts europarretatik 150.000 euro jasoko dira Atxulondo Kultur Etxeko birgaitze energetikorako, diru hori proiektu horretara bideratuta.
Inbertsio nagusiak
2026ko aurrekontuek 490.000 euroko inbertsioak aurreikusten dituzte. Nabarmenenen artean dago Atxulondo Kultur Etxearen birgaitze energetikoa, isolamendua, aireztapena eta berokuntza sistemak hobetzeko, energia-eraginkortasuna handitzeko helburuarekin.
Halaber, Villabonara doan oinezkoen zubia berritzeko lanak egingo dira, Zizurkilgo eta Villabonako udalen arteko elkarlanaren bidez eta herribideen egoera hobetzeko lanak egingo dira, landa eremuetan bereziki.
Espazio publikoen mantenuari ere partida handiagoa eskaini zaio, irisgarritasuna, argiteria, bide publikoak eta aparkalekuak hobetzeko.
Hezkuntza, kultura eta komunitatea
Hezkuntzari dagokionez, Otaño Eskolako instalazio elektrikoa erabat berrituko da, segurtasun arrazoiengatik lehentasunezko obra gisa. Ildo berean, Otañoko frontoia berritzeko proiektua idaztea iaz eskatu zuen udalak, eta 2026an zehar prest egotea aurreikusten da, ondoren diru laguntzetara aurkeztu ahal izateko.
Mendigain ikastetxeko parkea ere berrituko da, eskolako komunitatearekin elkarlanean, eta aurten bertan Mendigain ikastetxean igogailua jartzea espero da, Jaurlaritzak iaz egindako lehiaketa publikoa hutsik geratu ostean.
Kulturaren alorrean, espazio erabilienak berritzeko eta material berria erosteko inbertsioa aurreikusi da, baita liburutegiko jarduna eta orain arteko dinamiken jarraipena bermatzeko ohiko partida ere.
Kirolari dagokionez, kirolgunearen proiektua, agindu bezala, iaztik eginda dago, eta dagoeneko eskuragarri dauden diru laguntzetara aurkezten ari da, baita Aldundiarekin eman beharreko urratsak lantzen. Udalak azpimarratu du proiektu hori ezin dela udal baliabideekin bakarrik gauzatu, eta Atxulondo Kultur Etxeko berritze energetikoarekin gertatu den bezala, zenbait egitasmo aurrera eramateko ezinbestekoak dira diru laguntzak.
Gizarte zerbitzuak eta elkarteak
Gizarte zerbitzuak lehentasunezko arloa dira aurrekontuetan, eta guztira 285.000 euro bideratuko dira, herritarrak direlako udalaren lehentasun nagusia eta herritarrei erantzun egoki eta kalitatezkoa ematea funtsezkotzat jotzen duelako. Ildo horretan, gizarte arloan ematen diren zerbitzuak indartzen eta hobetzen jarraitzeko borondatea agertzen du udalak, ahal den neurrian pauso bat harago emateko helburuarekin.
Udalak herriko elkarte eta eragileekin duen konpromisoa berretsi du, ia milioi bat euro bideratuz hitzarmenen bidez herritarren eta eragileen artean sortutako sareak indartzera. Gainera, Eskola Txikien Festaren antolakuntzarako eta Danena elkartearen 50. urteurrena dela eta, ekarpen gehigarriak aurreikusi dira.
Amaitzeko, Maite Amenabar alkateak azaldu duenez “Udalarentzat lehentasunezko gaietako bat da etxebizitzen gaia, nahiz eta aurrekontuetan isladarik ez izan. 2026a izango da Zubiondoko etxebizitzen eraikuntza lana hasiko den urtea, egitasmo pribatuko proiektu bat delarik. Babes ofizialeko etxebizitzei dagokienez, hirigintza plan orokorra bera da oztopo nagusia. Azken urteetan planaren aldaketa puntualak burutu ditugu, eta aurten ere lanean jarraituko dugu Ugareko Itxaropena inguruan hirigintza egitasmo bat gauzatzeko. Egitasmo honek babes ofizialeko etxebizitzak barne hartuko ditu, eta tramitazioarekin jarraituko da aurten ere. Bestalde, herrigunean bereziki garrantzitsua den baserrien segregazioaren araudirako urte gakoa izango da 2026a; ordenantzak aldatzeko diru partida jarri zen iaz, eta lege-esparruak uzten duen neurrian aurrera eramango da.”
