Eduki publikatzailea

Atzealdea Zizurkilgo hondakinen bilketaren datuek bide ona erakusten dute, errefusarekin aldiz lana dago aurretik

Hondakin organikoan Tolosaldeko emaitzarik onenetarikoak ditu Zizurkilek, baina errefusaren bilketa hobetzea da erronka nagusia.

2025·11·20


Tolosaldeko mankomunitateak azken karakterizazioaren emaitzak aurkeztu dizkio Udalari. Txosten horrek frakzio bakoitzean jasotzen diren hondakinen benetako osaera aztertzen du, hau da, edukiontzi bakoitzean dauden hondakin frakzioen (papera eta kartoia, ontzi arinak, beira…) portzentajea. Emaitzen arabera, Zizurkilek eskualdeko daturik onenenetarikoak ditu frakzio organikoan. Hala ere, errefusaren edukiontzietan oraindik hobetu beharreko tartea dagoela erakusten dute emaitzek.

Europako helburuetatik gero eta gertuago

Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko 2022ko Legeak bi mugarri nagusi ezartzen ditu:

  • 2025erako udal guztiek gutxienez %55eko gaikako bilketa izan behar dute.
  • 2030erako gaikako bilketaren tasa %60ra iristea da helburua.

Zizurkilen, gaikako bilekta tasa %71koa da gaur egun. Udalaren helburua da herritarren parte-hartzea handitzea eta portzentaje hori handituz joatea. “Hala ere, karakterizazioko datuek erakusten dute frakzio guztien kalitatea ez dela berdina: organikoan bikain gabiltzan arren, errefusan oraindik asko dago hobetzeko”, azpimarratu du Maite Amenabar alkateak.

Organikoa, Tolosaldeko eredua

Zizurkilgo organikoaren frakzioa eskualdeko onenetarikoa da: edukiontzietan jasotzen den hondakinaren %98 organikoa da, eta egon behar ez luketen hondakinen portzentajea, berriz, %2koa besterik ez da. Hori herritarren jarrera arduratsuaren ondorio zuzena da.


 

Errefusa, hobetu beharreko arloa

Errefusaren edukiontzietan jasotzen den hondakinaren ia erdia ez litzateke bertan egon behar:

  • %47,24 organikoa da.
  • %8,2 ontzi arinak dira.
  • eta gainerakoa, papera, beira, ehun-gaiak edo bestelakoak dira.

Horrek esan nahi du errefusa jasotzen denean, hondakinen %55 ez direla dagokien edukiontzian bota, eta ondorioz, birziklatu edo konpostatu daitezkeen hondakin asko galtzen direla.

Amenabarrek azpimarratu duenez, “errefusa da benetan birziklatu ezin den hondakina, baina sarritan iruditzen zaiguna baino askoz gutxiago da. Kalean edo lurrean uzten den oro errefusaren kamioiak jasotzen du, eta horrek gure karakterirazaio datuak okertzen ditu. Guztion ardura da frakzio bakoitza bere edukiontzian uztea.”


 

“Errefusaren edukiontzian benetan dagokiona bakarrik botako bagenu, frakziokako bilketa datuak asko hobetuko genituzke. Gainera, karakterizazio datuak hobetu eta Mankomunitateak ezartzen dituen tasak jaitsi ahal izango genituzke” gehitu du Maite Amenabarrek.

Karakterizazioaren eta tasen arteko lotura

Karakterizazioaren emaitzek, ingurumenean eragiteaz gain, ondorio ekonomiko zuzena ere badute: Zizurkilgo Udalak Tolosaldeko Mankomunitateari ordaintzen dion kostua karakterizazioan jasotako datuen baitan kalkulatzen da. Zenbat eta hobeto bereizi, orduan eta kostu txikiagoa aplikatzen dio Mankomunitateak Udalari. Ondorioz, eragin zuzena du herritarren tasetan ere.

Amenabarrek azaldu duenez “errefusaren tratamenduaren kostua organikoaren hirukoitza da. Horrek esan nahi du, sailkatzen ez dugun guztia ez dela soilik ingurumen arazo bat: Udalarentzat eta, ondorioz, herritar guztiontzat hiru aldiz gastu handiagoa da.”

Gainera, zabor tasen prezioak urtetik urtera handitzen ari dira, bilketa eta tratamendu lanen kostuek ere gora egiten dutelako. Horregatik, kalitatezko bereizketa egitea funtsezkoa da igoera horien eragina arintzeko. “Datuak hobetzen baditugu, 2027rako hondakinen tasak mantendu edo jaistea erronka ezinhobea izango litzateke, bai ingurumenarentzat, baita guztion poltsikurako ere”, gehitu du Amenabarrek. 

Ondorioz… 

Zizurkil bide onean doa: organikoari dagokionez, eta 2025eko helburua betetzen ari da.
Baina, orain, erronka nagusia errefusaren kalitatea hobetzea eta 2030erako %80ko bilketa bereizia lortzeko bidean jarraitzea da, Zizurkil herri arduratsu eta eredugarrien artean sendotzeko.

2024 vs 2025 urteetako bilketa datuak (kg)