Eduki publikatzailea
Atzealdea Zizurkilen martxan dauden obrek mugikortasunean eragina izango dute
2025·11·17

Zizurkilen azken asteetan egiten ari diren obra desberdinek hainbat aldaketa ekarriko dituzte datozen egunetan herriko trafikoan eta mugikortasunean. Hona hemen martxan dauden hiru jarduketa nagusiak aste hauetan zehar edukiko duten eragina herrian.
Pasus inguruko irisgarritasuna hobetzeko lanak
Bulandegiko irisgarritasun planaren barruan, Pasus inguruan egiten ari diren espaloien hobekuntza lanek eragin nabarmena izango dute datorren asteazkenean, azaroak 19, herriko trafikoan. Oinezkoen pasabidea berritu dezaten Pasuseko bidegurutzean errepidea itxi egingo dute 09:00etatik 16:00etara. Itxierak Fraisororako igoeran, Renfeko aparkalekurako sarbidean, Ernio Bidea 7 eta 9ko garajeetarako sarreran eta Danenako aparkalekuan izango du eragina. Premiazko egoerarik emango balitz, aurrez Udaltzaingoarekin hitz eginda, baimendutako ibilgailuei espaloitik pasatzen utziko zaie salbuespen modura.

Foru Aldundiaren saneamendu sarea hobetzeko lanak
Foru Aldundia une honetan herrigunean egiten ari den saneamendu sarearen hobekuntza lanek ere eragina izango dute trafikoan. Udaletxe inguruan eta Artutxaenea parean ari dira orain lanean, baina aste honetan eliza alboko bidea itxiko dute. Horrek, Plazetxeberri aurreko errepidea bi noranzkoetarako egokitzea ekarriko du. Lanorduetan zirkulazioa semaforo bidez kudeatuko da, eta gauez zein asteburuetan pasabidea irekita egongo da behar diren xaflak jarrita. Lanen iraupena bi eta hiru aste artekoa izango dela aurreikusten da.

Aurrera 1eko fatxada margotzeko lanak
Aurrera 1eko eraikinaren fatxada margotzeko lanak aste honetan hasiko dira. Plaza aldeko pareta margotzeko andamioak erabiliko dira eta geltokira begira dagoen fatxadako lanak egiteko kamioiak behar izango dira. Hori dela eta, lanak amaitu bitartean errei bat itxita egongo da. Ahalik eta segurtasun handiena bermatzeko, eremu horretan trafikoa semaforo bidez txandakatuko da.

