Eduki publikatzailea
Atzealdea Zizurkilgo Udalak %2ko igoera orokorra onartu du 2026ko tasetan; %25ekoa hondakinen tasan
2025·10·29

2026. urterako udal ordenantza fiskalak onartu ditu Udalbatzak urriko osoko bilkuran. EH Bilduren aldeko botoekin egin du aurrera proposamenak; EAJ-PNVk eta PSE-EEk kontra bozkatu dute.
Oro har, zerga eta tasa orokorrek %2ko igoera izango dute datorren urtean. Udalak gogorarazi du KPIaren hazkundea %2,8koa izan dela aurten EAEn, eta, beraz, igoera hori inflazioaren azpitik kokatzen dela. Helburua da udal zerbitzuen kalitatea mantentzea, herritarren ahalegin ekonomikoa kontuan hartuta.
Hondakinen tasetan %25eko igoera
Zizurkilgo Udalak Europar Batasunak ezarritako araudira egokitu behar du. Hondakinen eta lurzoru kutsatuen kudeaketa arautzen duen 7/2022 Legearen arabera —apirilaren 8koa, Ekonomia Zirkularra sustatzeko helburuarekin—, 2025etik aurrera udalek hondakinen bilketa eta tratamendua ezin dute defizitarekin kudeatu. Horrek esan nahi du herritarrek ordaindu behar dutela hondakinen bilketa eta kudeaketak dakarren kostu osoa, legeak ezartzen duen moduan. Hori dela eta, 2026an tasek %25eko igoera izango dute.
Maite Amenabar alkateak azaldu duenez, “legediak behartutako neurri bat da, halabeharrez hartu behar izan duguna”. “Zizurkilen organikoaren bilketako datuak oso onak dira; baina errefusarenak aldiz oso kaxkarrak, eta hau da kostuan zuzenean eragiten duena”, adierazi du Amenabarrek.
Horregatik, alkateak azpimarratu du hondakin-frakzioak behar bezala bereiztea, ekarpen guneak egoki erabiltzea eta kaleak txukun mantentzea funtsezkoa dela kostuak kontrolatzeko eta ingurumenarekiko errespetua bermatzeko.
%3,1eko egokitzapena taxi tarifetan
Gipuzkoako Taxi Elkarteak (AGITAX) egindako proposamena ere onartu da urriko bilkuran, eta Tolosaldeko taxi zerbitzuen tarifak %3,1 igoko dira datorren urtetik aurrera.
Orain arteko ordenantza fiskalak eta gainerako udal erregelamenduak Ordenantza eta Erreglamenduen atalean kontsulta daitezke. 2026koak, Gipuzkoako aldizkari ofizialean argitaratu ahala eskegiko dira atal horretan bertan.
