Asteazkenean abiatuko da Aiztondoko I. Antzerkialdia

Ekimen berria sortu da Aiztondo bailaran. Martxoaren 15etik 30era, Aduna, Asteasu eta Zizurkilgo teloiak igo egingo dira, eta antzerkia izango da protagonista nagusi.

Gaur egin duten ekimenaren aurkezpena, hiru herrietako alkateak bertan zirela. Iker Urruzola, Zizurkilgo alkateak zabaldu du agerraldia: “Zizurkilen urte asko daramagu Antzerki Astea antolatzen eta aurten, hazi egin da ekimena. Aiztondo bailarara zabaldu da eta hori ikaragarri pozgarria da guretzat. Aste honetan bertan emango diogu hasiera antzerkialdiari eta hiru herrien arteko lankidetzak emandako fruitu ederra izango da. Guztira hamar antzezlan izango ditugu hiru herrietan banatuta. Gurea bezalako bailara txiki batean, marka handia da hori”.

Adunan abituko da Antzerkialdia, asteazken honetan bertan. Josu Amilibia alkateak, Antzerkialdia bezalako ekimen baten garrantzia azpimarratu du: “Ekitaldiak hiru herrietan antolatzeak, herri batetik bestera mugitzeko aitzakia bikaina eskainiko die biztanleei, besteak beste. Antzezlanaz gozatzeaz gain, bailara hobeto ezagutzeko aukera eskainiko digu ekimenak. Antzerkialdiak hiru herrietara ekarriko ditu saioak eta herritarrek aitzakia polita izango dute herri batetik bestera mugitzeko.  Gure herrien eta herritarren arteko harremana sendotzeko bidean, oso aberasgarriak dira gisa honetako ekimenak”.

Martxoaren 15ean, asteazkenarekin altxako da teloia lehenbizikoz, Adunan bertan: “Bi saio izango dira gure herrian. Haurrei zuzendutako ‘Aioko’ itzal antzerkia, eta helduentzako ‘35 huts’ bakarrizketa. Eta noski, guztiok gonbidatuta zaudete”.

Pili Legarra, Asteasuko alkateak ere hartu du hitza gaurko aurkezpen ekitaldian: “Hemen bildu garen hiru herriontzat oso zaila litzateke bakarka horrelako egitarau bat osatzea. Baliabideak hobeto erabili eta zuku handiagoa aukera ematen dute gisa honetako ekimenek. Asteasun izango ditugun ekitaldiak aipatuko ditut, labur-labur: Martxoaren 21ean iritsiko da Antzerkialdia Asteasura. Bertan hiru saio izango ditugu; haurrei zuzendutako bi saio, eta helduentzako bat. ‘Gure kanoa’ eta ‘Osaba untxia eta Koiotea’ eskainiko zaizkie txikiei, eta helduentzako saioa berriz ‘Andre zaharraren manifestua’ izango da gozagarri”. Bertaratzeko gonbitea luzatuz amaitu du bere agerraldia.

Martxoaren 25ean iritsiko da Antzerkialdia Zizurkilera; ‘Intxaurrak’ saioa hain zuzen ere. Datozen egunetan, martxoak 27, 28 eta 29an, adin ezberdinetako haur eta gaztetxoei zuzendutako hiru saio izango dira. Eta Antzerkialdiari amaiera emateko, Zizurkilgo haurrak igoko dira Atxulondoko eszenatokira.

Agerraldia amaitzeko, Iker Urruzolak hartu du hitza: “Ez nuke amaitu nahi, eskerrak eman gabe.  Mila esker Aiztondoko lehen antzerkialdia posible egin duten eragile guztiei, bereziki hiru herrietako kultur teknikariei: Adunako Dani Arizala, Asteasuko Asier Baglieto eta Zizurkilgo Ainhoa Larrea. Elkarlana bide ederra da eta Antzerkialdiak erakutsi digu oso fruitu ederrak eman ditzakela. Ikuskizuna hastera doa, beraz, gora teloia!”.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.