Azoka Berezia, giro bikainean

Dena aldeko izan zuen 2022ko Azoka Bereziak. Eguraldi bikaina egin zuen eta jendea gogotsu gerturatu zen herrigunera. Postuetan barrena pasiatu eta erosketak egiteko aukera baliatu zuten askok eta askok.

Zimiterioa, Pedro Mari Otaño plaza, Teodoro Hernandorena kalea eta Intxaur pilotalekua postuz bete ziren. Denetarik aurki zitekeen bertan, nola artisauen produktuak, hala jaki goxoak. Artisau askok euren lana bertatik bertara ezagutzeko aukera eskaini zuten gainera.

Goizeko 10:30etan ireki zituen ateak azokak eta, ordurako, jendea iristen hasia zen. Doako autobus zerbitzua goiz osoan zehar izan zen martxan eta askok baliatu zuten aukera hori. Beste askok, eguraldi bikainak lagunduta, oinez gerturatzeko erabakia hartu zuten.

San Millango belazea izan da aurtengo azokako berrikuntza nagusia. Bertan jarri dituzte ikusgai pottokak eta, haurrek pottoka gainean ibiltzeko aukera ere izan zuten. Gozatu ederra hartu zuen batek baino gehiagok.

Eguerdiko 13:30ak aldera, Iriarte atzeko gunean bildu zen arreta osoa. Llado eta Zizurkilen arteko senidetzea irudikatzeko, lledoner bat landatu zuten bertan. Egun hauetan zehar senidetze jaia dago martxan; Lladotik etorritako herritarrekin batera, hainbat ekitaldi ari dira gauzatzen, 2014an gorpuztutako senidetzea berresteko. Lledoner zuhaitza izango da senidetze horrek lekuko.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.