1936 urteko altxamendu militarraren aurka defendatzeko sistema antolatu zuen Kandido Sasetak. Defentsa sistema hark utzitako arrastoak ikertzen ari da Aranzadi Zientzia Elkartea. Aurten, Zizurkilgo Arripilletako muinoan egin dituzte lan horiek.
Gaur egin dute lan horien aurkezpena, prentsaurrean. Maite Amenabar, Zizurkilgo alkate-ordeak eman dio sarrera ekitaldiari: “Saseta defentsa sistema eta 36ko Gerran gure eskualdean gertatutakoak hobeto ezagutzeko asmoz, 2013an jarri ziren martxan auzolandegi hauek. Aiztondo bailarako gune ezberdinetan gauzatu izan dira, urtez urte eta gune honetan, Zizurkilgo Arripilletako gainean emango zaio amaiera ekimenari”.
Uztailaren 11n hasi ziren Arripilletako gain honetan indusketa lanak egiten. Euskal Herri osotik etorritako zortzi bolondres ari dira lanean, Aranzadiko Julien Blanco arkeologoa eta Manex Arrastoa historialariaren gidaritzapean.
“Defentsa sistema kokatzen den muino honen hedadura txikia denez, bertako egitura guztiak aztertzeko aukera egon da eta lehenengo aldiz puntu defentsibo bat osotasunean ikertu ahal izan da”, azaldu du Manex Arrastoak. “Puntu hau ez da materialetan oso aberatsa, ezta oso ikusgarria ere, baina garrantzia handia izan zuen. Altxamenduaren lehen hilabetetan izan ziren hemen. Hilabetez eutsi ahal izan zioten eta horrek, gainerako defentsa puntuak txukun antolatzeko denbora izatea ekarri zuen”.
1954ko aireko argazki bat hartu dute oinarri gisa Arripilletako lanak egiteko. Hala azaldu du Julien Blanco arkeologoak: “Argazki hartan mendian igartzen ziren mozketa eta marka batzuk ikertu ditugu. Karroen aurkako defentsarako izan ziteken lubaki bat aurkitu dugu bertan, eta Arripilletako gain honetan ere badira beste lubaki batzuen arrastoak. Ezkeltzu eta Zarateko Bentaren artean dago muino hau, eta bertako defentsa nola antolatu zuten ikusteko oso baliagarria izan da”.
Aduna, Asteasu, Larraul eta Zizurkilgo udalek sustatzen dituzte ikerketa lan hauek eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren giza eskubideen zuzendaritzak ere lagundu du. Aranzadik bertan egiten duen arkeologia-lana argia da: puntu horiek guztiak dokumentatzen ditu informazio historikoa gal ez dadin eta ondoren, zonalde horiek geure memoria historikoari dagozkion leku moduan aldarrikatzen ditu.