Tolosaldeko Euskararen Mahaia eratu da

Lehiberri zentroan bildu gara eskualdeko hainbat udal eta elkarteetako ordezkariak. Izan ere, 2019ko martxoan, Alegian, 42 eragilek sinatu genuen Tolosaldeko Euskararen Mahaia (TEM) eratzeko konpromiso adierazpena. Prozesua uste baino
gehiago luzatu da baina gaur, hemen gauden erakundeetako ordezkariek pauso bat gehiago eman eta Tolosaldeko Euskararen Mahaia eratzeko akta sinatu dugu. Mahaia eratzeko pausoa eman dugu, Tolosaldean euskararen normalizazioan jarduteko plan
estrategikoa diseinatzea eta garatzea beharrezkoa ikusten dugulako, helburu argi batekin: Tolosaldean euskararen normalizaziorako hizkuntza politika adostea, plan estrategikoak diseinatzea, ardurak eta egitekoak banatzea, eta ahalik eta modu
efizienteenean plangintza horiek garatzea.
Tolosaldeko herritar gehien-gehienak euskaldunak gara: eskualdeko biztanleen %75 euskal hiztunak gara, beste %10ek ulertu behintzat egiten dute, eta belaunaldi gazteenak unibertsalizazioaren mugan daude. Euskal Herriko zonalde euskaldunenen
artean jartzen gaitu horrek, eta geure egoeran, posible da Tolosaldean euskara harremanetarako, gozamenerako eta lanerako hizkuntza nagusia izatea, erabateko unibertsalizazioa lortzeko urratsak egitea eta, horrela, hizkuntzen indarberritze eta
normalizazioan erreferente izatea, benetako arnasgunea euskararentzat.
Tolosaldeko Euskaren Mahaiak ez du berariazko nortasun juridikorik izango momentuz, helburuak betetzeko koordinazio eta exekuzio mahaia izango da behin behinean. Hala ere, inplikatutako eskualdeko eragile sozialen iritzia jasota, eskualdekoudalei dagokie zehaztea mahai honek aurrera egiteko behar duen egituratze eta antolamendu juridikoa. Horrela, TEM herri erakundeetako ordezkariek zein gizarte eragileek osatuko dute: Tolosaldeko udalek, UEMAk, Galtzaundi Euskara Taldeak eta Larramendi Bazkunak. Eragile hauetaz aparte, gainerako erakundeetako zein euskalgintzako ordezkariek ere gonbidatu gisa parte hartzeko aukera izango dute Mahaian.
Funtzionamenduari dagokionez, eragile instituzionalen eta sozialen eskualdeko bilgunea UEMAk eta Galtzaundik gidatuko dute. TEMk arloz arlo lan egiteko barne antolaketa izango du, besteak beste:
- Batzarra: eragile guztiek parte hartu eta erabaki estrategikoak hartzeko bilgunea.
- Batzorde eragilea: batzarretako gaiak proposatu, adostu eta landuko dituen taldea.
- Tolosaldeko teknikarien mahaia: Udaletako euskara teknikariek, UEMAko teknikariek eta Galtzaundiko teknikariek osatzen dute foro teknikoa.
- TEM azpi-batzordeak: gai konkretuak lantzeko sortuko diren batzordeak izango dira, hala nola, euskalduntze-alfabetatzea, hezkuntza edo bestelako alorrak lantzeko espreski eratuko direnak.
Hemendik aurrera, 2022rako eta 2023rako euskararen normalizaziorako estrategikoak diren esparru guztietako plan estrategiko proposamena landuko du Mahaiak eta eskualdeko hizkuntza politika bateratua diseinatzeko lehen pausoa izango da.
Oraindik zenbait udal batu behar dira eskualdeko 28 herriek parte hartzeko Tolosaldeko Euskararen Mahaian. Ziur gaude udal horiek ere bat egiten dutela TEMren helburuekin eta proposatuko diren estrategiekin eta lan-lerroekin. Horrela
baita, bilgune honetan parte hartuko dugun erakundeak sinetsita gaude gure hizkuntzaren geroak guztion ekarpenaren beharra izango duela eta estrategiak bateratzea eta partekatzea ezinbestekoa dela horretarako. Gaur emandako pausoaren ondotik, Tolosaldeko Euskararen Mahaia izango da helburu horiek egikaritzeko tresna gure eskualdean.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.