Eskerrik asko!
Maiatza amaitu berri da, eta horrekin batera, baita Maiatza Saltsan ekimena ere. Urtero-urtero, kultur ekitaldi ugari antolatzen da Zizurkilen maiatzean zehar, ‘Urak dakarrena’ lelopean egin da aurtengoa eta, beste behin, gozatzeko, ikasteko, herria hobeto ezagutzeko…, denerako tartea izan dugu.
Maiatza Saltsan osasuntsu dago, eta hori, jende askok egindako lanari eta esfortzuari esker da. Herri mailako ekimena da Maiatza Saltsan eta ederra izaten da urtero herritarrek ematen dioten erantzuna; bai antolatzeko garaian, baita ekitaldietan parte hartzeko garaian ere. Izan ere, gisa honetako ekimenak ezin baitira antolatu parte-hartze hori gabe.
Udalak eskerrak eman nahi dizkie Maiatza Saltsan ekimena aurrera ateratzeko lanean aritu direnei: Kultura eta euskara batzordeko kideei, antolaketako bileratan parte hartzeagatik; Zizurkilgo hiru ikastetxeei; Hernandorena kultur taldeko kideei, euren jakinduria beti herritarrekin partekatzeagatik; Loatzo Musika Eskolari, hainbat ekitaldiri doinua jartzeagatik; Bukalai dantza taldeari, euskal dantzak plazara ekartzeagatik; errota egunean euren etxeko ateak parez pare zabaldu zizkiguten Adunibar, Alkañiz eta Akezko errotetako kideei; talo-tailerrak bideratzera gerturatu ziren herriko gazteei; Guretzako emakume taldeko kideei, euren kultura herrira gerturatzeagatik; gure senide diren El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearen aldeko talo postua jarri zutenei eta Javier Iraolari, bere ekarpenagatik; Aramako errotako kideei, Akezko errotan egin duten lanagatik.
Mila-mila esker denei, Maiatza Saltsan posible egiteagatik!