Bi urteko etenaldiaren ondoren, bueltan da Txapel Eguna

2020ko martxoaren 14an, dena prest zen Txapel Egunaz gozatzeko. Pandemiak gure bizitzak hankaz gora jarri zituen astea izan zen eta Txapel Eguna ere ezin izan zen egin. Bi urte gora beheratsu eta gogor izan dira, baina berriz elkarrekin gozatzeko uneak badatoz. Horren erakusle bueltan da Txapel Eguna ere.

2020ko txapelduna bera zen eta bi urte beranduago bada ere jasoko du txapela, Alex Inza, “Egarriko” Alex-ek.

Festa batzordearen erabakiaren arrazoiketa laburra:

“Alex Inza bezalako pertsonek garrantzia berezi dute herria, komunitatea egiterakoan. Egarriko Alexek etxean sentiarazi ditu Egarrira sartu diren zizurkildar oso ezberdinak, izan Elbarrenakoak zein herrigunekoak, gazteak, helduak zein adinekoak. Beti dago prest, gainera, herri ekimenetan laguntzeko, festetan edo bestelako ekimenetan.

27. edizioa duen Txapel Egunaren helburua ez da inoiz izan lorpen handiak goratzea, herri giroan garrantzia duten horrelako herritarrak aitortzea baizik. Horregatik Zizurkil goiko jaiak antolatzea helburu nagusi duen festa batzordeak herrigunetik haratago begiratu nahi izan du aurtengo txapela jartzerakoan eta zizurkildar guztiekin tratu atsegina izaten hamarkadak daramatzan Alex Inza herritarrari jarriko diogu Txapela”.

 

Egitaraua

10:00   Emakumeen Pala txapelketa azkarra Intxaur frontoian. (13:00a aldera finalak)

16:00 Txapeldunen mus lehia zentroan.

17:30  Bukalai dantza taldearen emanaldia Intxaur frontoian

21:00 Txapeldunen afaria Iriarte jartetxean.

-Arrain zopa

-Oilaskoa patatekin

-Etxeko tarta

-Kafea eta txupitoa

Prezioa: 26€

Txartelak salgai  Iriarten eta Egarrin. Aurreko edizioko txartela oraindik inork badu prezio aldea ordainduta aurtengoa emango zaio.

 

Afal ostean, Alatzne Etxaburua iazko txapeldunak jarriko dio txapela Alex Inzari, eta honenbestez Alex izango da 2022ko jaien hasierako txupinazoa botako duena.  Haritz Mujika eta Amaia Agirre bertsolariek girotuko dute afal oste hori.

 

Txapela jantzita eguna gozatzera dei egiten diegu zizurkildarrei.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.