Denboraldi ikusgarria egiten ari da TAK-eko emakumeen trainerua. Joan zen igandean Kontxako banderako bigarren jardunaldia jokatu zuten eta, estropada ederra eginez, sailkapen nagusian laugarren postuan geratzea lortu zuten. Arraun Lagunak izan zen garaile 20:05:18ko denbora eginez, Orio eta Donostiarra izan ziren bigarren eta hirugarren postuetan, eta Tolosaldeko emakumeek lortu zuten laugarren postua, 20:35:14 eginez. Zizurkilgo Udalak zorionik beroenak bidali nahi dizkie arraunlariei eta taldeko kide guztiei; urte hauetan zehar egindako lana fruiu ederrak ematen ari da.
Kontxako bandera hitzordu garrantzitsua izaten da arraunean, baina denboraldia ez da oraindik amaitu, eta TAK-eko traineruak hitzordu garrantzitsua du asteburu honetan. Eusko Tren ligara igotzeko Play Offa izango du jokoan. Bi jardunalditan jokatuko da play off-a. Bermeon arituko dira larunbatea, itsasoan. Igandean berriz, Portugaleten egingo dute arraun, ibaian. Lerrootatik, zorte on TAK!