Zabalik da Bizilabe zientzia-jardueretan izena emateko epea

Tolosaldea Garatzenek Elhuyarrekin batera sustatutako Bizilabe Tolosaldea aisialdi-eskaintzaren datorren ikasturteko edizioan izena emateko epea ireki da. Bigarren urtez, herriko gazteen artean zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa eta motibazioa, ekintzailetasuna eta sormena bultzatuko dira.

2021eko urritik aurrera, 10-14 urte bitarteko gazteek tailerretan parte hartu eta proiektuak egin ahal izango dituzte, Amasa-Villabonan (Gaztegunean) eta Tolosan (Tolosaldeko Lankide Heziketa Institutuan).

Ikasturtean zehar, alor desberdinetako zientzia- eta teknologia-esperimentuak egingo dituzte eta, talde lanean proiektuak garatuko dituzte, ikertzaile profesionalen gidaritzarekin.

Bizipenak eta komunitatea

Bizilabe Tolosaldea egitasmoan, tokian tokiko ikastetxe, herriko eragile, ikerketa-zentro edota enpresekin dihardugu lanean. Izan ere, STEM (Zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikak) bultzatzea, eskualdeko apustua da.

Bide horretan, Bizilabe Tolosaldeako gazteek eskualdeko ikerketa-zentroak eta enpresak bisitatuko dituzte eta ikertzaileekin harremanetan izango dira.  Horrez gain, hainbat zientzia-jarduera antolatuko dira herriko eragileekin elkarlanean. Horren erakusle, ikasturte honetan arrakasta handiz ospatu den Nazioarteko Neska eta Emakume Zientzialarien Eguna, herrietan egin diren zientzia-bizipenak edo eskualdeko irakasleekin egin diren trebakuntza-saioak.

Izen-emateak zabalik

Ikasturte berrian izena emateko lehenengo txanda ekainaren 8tik 20ra egongo da zabalik. Webgune bidez egingo da. Ekainaren 20tik aurrera, berriz, libre geratu diren plaza horietan izena emateko aukera zabalik utziko da.

Programa abenduaren bukaerara arte dago bermatuta momentuz, eta parte-hartzaile kopuruaren arabera jarraituko du 2022ko urtarriletik ekainera bitartean.

Bizilabe Tolosaldea 2021-2022 ikasturtea

Amasa-Villabona

Astearteak

LH 5-6: 17:15 – 18:45

DBH 1-2: 18:45 – 20:15

Tolosa

Ostegunak

LH 5-6: 17:15 – 18:45

DBH 1-2: 18:45 – 20:15

 

Prezioa:

  • Kuota arrunta: 10 €, hilean (hilero egingo da kobraketa)

Izena-emateko informazioa eta formularioa:
https://labur.eus/lXVLz

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.