Zizurkilgo Udalak eta Oinherri hezkuntza proiektuak hitzarmena sinatu berri dute. Modu honeta, udalerri hezitzaileen sarean sartuko da Zizurkil.
Oinherrik aisialdi hezitzailea sustatzeko asmoa du, jolasaren eta sormenaren bitartez. Pasa den udazkenean, Zizurkilgo Udalarekin harremanetan jarri ziren, herri hezitzaileen sarearekin bat egiteko.
Oinherrik ikusi zuen Zizurkilen gauza dezente egiten zirela bere filosofiarekin lotuta,eta urtebeterako hitzarmena sinatu dute. Oinherrik bere baliabideak jarriko ditu herriko eragileek formazioa jaso dezaten.
Oinherrik zazpi printzipio ditu: haurrak gizarteko kide aktibo izatea; parte hartzeko aukera izatea; aisia hezitzailea; euskara; anitza eta parekidea; ingurumen naturala eta kulturala zaintzen dituena; eta komunitatea eta auzolana.
Beraientzat hezkuntza ez da ikastetxeen eta gurasoen gain bakarrik geratzen: herriko elkarte, kirol talde eta abarrak ere horren parte dira. Helburua da Oinherriren filosofia Zizurkilen txertatzea. Gauza asko aurreratuta daude dagoeneko, formalki Oinherri egon gabe. Euskaratik, feminismotik, gaztediatik... aritzen da Udala, baina orain modu kontzienteagoan gauzatuko da hori guztia. Bestalde, alor gehiagotara ere zabaldu nahi da filosofia hori. Adibide bat: hirigintzako obra batzuk egiterakoan, haurrak ere kontuan hartzea.
Herrian bada Herribizigune izena duen talde bat eta beraien hausnarketak bultzatu du Udala proiektu honetara batzera. Aurrerantzean, ahalik eta eragile gehiagorengana iristea da helburua. Talde asko daude herrian, eta beraiekin batera landuko dugu proiektu hau.