Maiatzaren 23an ibilbide gidatu-antzeztua egingo da herrian barrena. Joxe Arregi plazan emango zaio hasiera, 10:30an, Bukalai taldeko kideen dantzarekin. Asteasuko bidegorrira abiatuko dira ibiltariak. Akezko errotan egingo dute lehen geldialdia. Pedro Mari Otaño ikastetxeko kideak egongo dira bertan, ekitalditxoa eskaintzeko. Akezko errota izango dute gai nagusi. Bideari ekingo diote berriz ere, eta kanposantuan egingo dute hurrengo geldialdia. Unai Mendizabalen bertsoak izango dira entzungai bertan eta Unai bera izango da ibilbideko gidari nagusia. Loatzoko trikitilariak gehituko dira hilerrian, udaletxe aurrerainoko bidea egiteko.
Zubimusu ikastolako kideak egongo dira udaletxe aurrean, Luzuriagako harriaren inguruko ekitalditxoa eskaintzeko. Handik, plazaraino joango dira ibiltariak eta han, San Millan ikastetxeko kideek Donemiliaga jauregiko familia izango dute aipagai. Herria hobeto ezagutzeko aukera eskainiko du maiatzaren 23ko ibilbideak eta, parte hartzeko, beharrezkoa izango da gonbidapenak eskuratzea. Udal bulegoetan daude eskuragarri.