Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratzearekin bat egin dute udal ordezkariek

Joan den apirilaren 18an Zizurkilen izandako eraso matxista gaitzesteko, elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Tolosan. Bertan izan dira Zizurkilgo udal-ordezkariak, erasoa gaitzetsi eta biktimari elkartasuna erakusteko.

Tolosako eta Zizurkilgo udal ordezkariek honako adierazpen bateratua irakurri dute:

 

"Tolosako eta Zizurkilgo udal ordezkari guztiok, apirilaren 18an, Zizurkilen, tolosar emakume batek jasandako erasoa irmoki salatu eta arbuiatu nahi dugu eta aldi berean emakume erasotuari gure laguntza eta elkartasuna adierazi.

Gizartean errotuta dauden jarrera matxisten adierazlerik lazgarrienak dira horrelako erasoak. Onartezinak direnak eta gure gizartean lekurik ez dutenak. Horregatik ozen esan  nahi dugu Tolosak eta Zizurkilek ez dutela emakumeen kontrako erasorik onartzen, ez eta onartuko ere,  eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarekin behin betikoz amaitu behar dugula.

Bide horretan, gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde lanean jarraitzeko konpromiso sendoa berresten dugu.

Herri bezala egin ditugu urrats garrantzitsuak eta bide berari eutsi behar diogu, indarrak batuz: kontzientziazio lana egiten, jai berdinzaleagoak sustatzen, indarkeria kasuak salatzen… berdintasun errealaren defentsan, emakume taldeak, talde feministak, herritarrak eta erakundeak bat eginda, elkarlanean. Guztion ardura delako indarkeria matxistarekin amaitzea.

Gaur eraso zehatz bat salatzeko elkartu gara, baina gogoratu nahiko genuke emakumeen aurkako erasoak asko eta mota askotakoak izan ohi direla.

Horiekin guztiekin amaitzea da gure helburua, indarkeria sexistarik gabeko herri bat eraiki nahi dugulako eta horren alde ari garelako.

Amaitzeko, mila esker guztioi hona etortzeagatik".

Argazkiak: Ataria




Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.