Realaren gizonezkoen taldeak Kopako finala jokatuko du apirilaren 3an, Athleticen aurka. Egun hauetan, Gipuzkoako herri guztietan barrena pasatzen ari da Realaren autobusa, partidaren aurreko giroa berotzen joateko. San Millan eskolako haurrek eta Uliazpiko zenbait egoiliarrek ere egin diote ongi-etorria Realeko autobusari, Pello Mari Otaño plazan.
Zizurkilgo bandera jaso dute Realeko ordezkariek eta Realaren oihal txuri-urdina eman diete Udal ordezkariei. Banderarekin batera, gutun bat ere eman diete Real taldeari. Besteak beste, emakumeen futbolari gizonezkoenari ematen dioten trataera berdina eskatuz.
Finaleko egunean Realeko bandera txuri-urdina udaletxeko atarian jartzeko gonbita luzatu dute Realeko ordezkariek.
Sevillan jokatuko da aurtengo finala, ikuslerik gabe, eta bertara eramatekoak dituzte Gipuzkoan barrena bildutako bandera guztiak.