Pello Mari Otaño bertsopaper lehiaketako alerik onenak: gazteen mailako irabazlea

Pello Maro Otaño bertsopaper lehiaketako bertsoik onenak eskaintzen ari gara egunotan. Gaurkoan, gazteen mailako irabazle izan den Aner Peritz Manterolaren (Euskitze) sorta:

MINAREN EDERRA

Egilea: ANER PERITZ MANTEROLA "EUSKITZE"

Doinua: AMAREN BULARRA (X. Lete)

 

1. Harremanen zuloak
ta adabakiak
beti ez dituk izaten
heuk erabakiak.
Zergatik bilatu nahi
dituk zergatiak?
Alde egin huenetik
egoten zakiat.

 

2. Hurbilduz doazen bi
sagarroiren gisan,
igual elkarrengandik
gertutxo genbiltzaan.
Ez al geunden maizegi
elkarren gerizan?
Polita zuan baina
ezin zian izan.

 

3. Bikote harremanak
ondo zeudek, harik
eta osatu arte
mundu bakarra bik.
Estutasun nahi oro

bihurtzen duk ardit.
Lotura sendoenak
askea behar dik.

 

4. Hitzaren hots gintuan,
maitaleen tango,
onbuaren Otaño,
ekiloreen Van Gogh...
Nahiz atxikimendua
bilakatu lanbro
maite ez hintudanik
ez diat esango.

 

5. Baina gozoak gozo,
gure gizarteko
arauan maitasuna
hain duk giltzapeko...
Samin bat neramaan
nahiko itzalpeko:
bikoteegi ginela
bana izateko.

 

6. Nire buruak eman
zidak aski egur
zer behar genuen ez
bainezakeen neur.
Libreki utzi nian
joaten, hain segur,
bestela geratuko
ote hintzen beldur.

 

7. “Banoak” esan huen,
ta nik entenditu;
kateak hautsi gabe
zeinek husten ditu?
Ni erre egin ninduan,
ta hi errenditu.
Penarik ta errurik
ez ezak sentitu.

 

8. Gaur nola ez gaituk ba
minduta egongo?
Ezina eta mina
zauzkaat ondoz ondo,
baina zioz betetzen
nauk tronborik tronbo:
hain gaizki bagaude ez
geundean hain ondo.

 

9. Penak pena, hemendik
pare bat asteko
gu engan pentsatzea
nahi nikek hazteko:
indar, gogo, aukera
ta bide askeko.
Ez duk modu txarrena
berriro hasteko.

 

10. Baina ez gaitezen bereiz
letra larriz biak.
Tabernek, udak, azken
eguzki-izpiak,
gauak... elkartu baietz
berriro piztiak!
Ta akaso bi muxu
emango dizkiat.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.