Maiatzaren 17an Zizurkildik abiatuko da Emakumeen Gipuzkoako Itzuliko azken etapa

Tradizio handiko hiru lasterketak bat eginda sortu zen 2014an Emakumeen Gipuzkoako Itzulia, Lokatza ziklismo Eskolaren, Oriako Txirrindularitza Eskolaren eta Irrintzi Txirrindulari Elkartearen lankidetzari esker. Gipuzkoa mailako beste txirrindulari elkarteek gustura hartu zuten itzulia antolatu izana, inoiz ez baitzuten eduki horrelako lasterketarik. Izan ere, ordura arteko lasterketa guztiak elite mailakoei begira eta kanpoan izan baitziren. Gainera, Euskaldun Txapelketarako puntuagarria da emakumeen itzulia.

Iazkoa izan zen lehenengo bira, eta antolatzaileak, oro har, oso gustura geratu ziren partaidetzarekin. Ikusmin handia piztu zuen Emakumeen Gipuzkoako I. Itzuliak, eta Espainiar estatuko zein Portugalgo taldeak ere izan ziren lehiatzen. Biraren lehen urtea izanik, gonbidapenak asko zabaldu ziren, itzuliaren berri ahalik eta gehien zabaltzeko eta parte-hartzaileen kopuru txukun bat ziurtatzeko asmoz. Hori dela eta, Espainiako hainbat autonomia-erkidegotara bidali ziren.

2014an, 16 taldek eta 100 txirrindularik hartu zuten parte, guztira, tartean Etiopiatik Euskal Herrira bi hilabeterako lehiatzera etorritako 3 emakume. Parte-hartzaileen maila oso ona izan zen; besteak beste, euskaldunei dagokienez, Bizkaia-Durango taldeko Leire Olaberriak eta Usabiaga ahizpek esku hartu zuten
eliteen mailan, junior mailako pistako Espainiako txapeldun Eider Unanuek eta kadete mailako Lehendakari txapelketako mailot zuriaren irabazle Maddi Amondarainek kadeteetan. Horrez gain, espainiar mailako txirrindulari onenak ere bertan izan ziren.  Komunikabideetan ere lekua izan zuen, bai tokiko komunikabideetan, bai zabalkunde handiagoko hedabideetan ere, eta kirol tarteetan gehienek azpimarratu zuten gutxiago-gehiago Leire Olaberriak irabazi zuela Emakumeen Gipuzkoako I. Itzulia.

Aurten bigarren urtez antolatuko da itzulia, maiatzaren 15etik 17ra bitartean, eta nabaritu da iazko itzuliaren oihartzuna. Hain zuzen, beste udal eta elkarte batzuek ere agertu dute interesa Itzuliaren antolaketan parte hartzeko, eta dei egin diete antolatzaileei esateko herri horietatik ere igarotzea nahi dutela. Birak hiru etapa izango ditu: Bergara-Bergara banakako erlojupekoa, eta Tolosa-Tolosa eta Villabona-Zizurkil lineako etapak.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.