Publicador de contenidos

Atrás Zizurkilgo Udalak 2025erako ia lau milioi euroko aurrekontua onartu du

Zizurkilgo Udalak 3.987.752,35 euroko aurrekontua izango du 2025ean, iazkoa baino %6,64 handiagoa

31·01·2025


Zizurkilgo Udalak 3.987.752,35 euroko aurrekontua izango du 2025ean, iazkoa baino %6,64 handiagoa. Urtarrilaren 28an, asteartea, egindako osoko bilkuran onartu zen udal-gobernuaren proposamena, PSE-EEren eta EAJ-PNVren aurkako botoekin.  

Maite Amenabar alkateak azaldu duenez, aurrekontuak udalaren egoera ekonomiko osasuntsua islatzen du eta “errealista, zuhurra eta herritarren beharrak erdigunean jartzen dituena” dela adierazi du. Alkateak nabarmendu du lehentasuna izan dela Gizarte Zerbitzuetara baliabide gehiago bideratzea, baita herriko elkarte eta eragileei egiten zaizkien ekarpenak mantentzea ere. Gizarte zerbitzuetan iaz baino 50.000 euro gehiago bideratuko dira, “Zizurkilen ez dugulako inor atzean utzi nahi”. 

Aurrekontuaren %42 dena den,  pertsonal gastura bideratua da. “Kopuru altua da, herrigunea bitan banatzeak zerbitzu batzuk bikoiztea ere ekartzen du. Era berean, pertsonalari lotuta, nabarmendu behar da amaitu dugula Udaleko aldi baterako langileak egonkortzeko prozesua, behin behinekotasuna jaitsiz”.

Elkarteei laguntzak eta ekintzak    
Zizurkilen ezaugarrietako bat da kultur eskaintza zabala eta horrela jarraituko da,  “besteak beste, Maiatza Saltsan, Azoka Berezia, Blues Gaua, Kirol Astea, herriko jaiak, pilota jaialdiak, Gau Beltza, Antzerki Astea, euskaraldia…. aurreikusi dira aurtengo aurrekontuan”, zehaztu du Amenabarrek. 

Herriko elkarteen laguntzei ere eutsi egin zaie. “50.000 eurotik gora erabiliko dira aurten ere  herriko elkarteak laguntzeko, talde ugari ditugu eta herriari bizia ematen diote. Bestalde. 2023-2027 Legealdi Planean azaldu bezala, gure erabaki guztietan ikuspegi feminista eta hizkuntza-irizpideak kontuan hartu behar dira, eta horren erakusgarri da Andragorari Tolosaldeko Emakumeen Etxeari emandako laguntza eta alfabetatze-programen diru-laguntzen bikoiztea”, azaldu du Amenabarrek. 

Inbertsioak eta proiektuak
Aurtengo aurrekontuak ez du inbertsioetarako partida handirik. Guztira, 247.379,43 euro bideratuko dira azpiegituretan inbertsioak egiteko. Hala ere, Amenabarrek azpimarratu duenez, “dirulaguntzak lortu edo aurreikusi baino diru-sarrera handiagoak jasoz gero, beste proiektu batzuk ere gauzatuko dira”.

Bulandegiko irisgarritasun planari jarraipena ematea izango da aurtengo proiektu nagusia. Iaz diru-partida zabala jaso zuen proiektu honek eta aurten beste 75.000 euro gehiagorekin osatuko da. Lanak dagoeneko esleitu dira eta udaberrian hasiko dira.

2024ko aurrekontuko partidatik egingo den bestea Kuttuna Haur Eskolako parkearen berritzea da. Horrez gain, partidak jaso dira Otaño Eskolako instalazio elektrikoa berritzeko, herribideak hobetzeko edo oinezkoen zubia eraberritzeko, besteak beste. 

Inbertsioak egin eta dirulaguntzak lortzeko, ordea, ezinbestekoa da proiektuak izatea. Horretararko, hirigintza-proiektuak idazteko 54.000 euroko aurrekontua bideratu da. Hiru proiektu nagusi garatzeko partida esleitu da. Kirolgunea egiteko proiektua da lehena. “Gure konpromisoa eman genuen 2025eko ekainerako proiektua Aldundiari aurkezteko, eta emandako hitza beteko dugu. Otaño Eskolako pilotalekuko estalkia eta alboak ixteko proiektua ere idatziko da eta Atxulondo eraikinaren birgaitze energetikoaren proiektua ere dagoeneko martxan da”. 

Gaur egun, Zizurkilgo Udalaren zorra 250.086,91 eurokoa da. “2011n, udal-gobernura iritsi ginenean, zorra 3.000.000 eurotik gorakoa zen. Horrek erakusten du azken urteotan kudeaketa ekonomiko arduratsua egin dela, eta udalaren finantzak modu orekatuan sendotu direla”, azpimarratu du alkateak.