Publicador de contenidos
Atrás Ekintzaz beteta dator 2024ko Kirol Astea
05·12·2024
Hemen da 2024ko Zizurkilgo Kirol Astea! Abenduaren 10etik 15era, jarduera ugari izango dira adin eta gustu guztietarako, betiere kirola protagonista izanik. Ohi bezala, Ibontxo Gonzalezen omenezko Gau Krosa jokatuko da, eta, bigarren urtez jarraian, Pirineos Mendi Film Festival-aren proiekzioak ikusteko aukera izango da.
Asteartean, abenduaren 10ean, Subcampeon liburuaren aurkezpenarekin emango zaio hasiera Kirol Asteari Ander Izagirre eta Zuhaitz Gurrutxagaren eskutik. Atxulondo Kultur Etxean izango da, 18:30ean.
Ostiralean, abenduaren 13an, bigarren urtez jarraian, Pirineos Mendi Film Festivalaren 2024ko film aukeratuen emanaldia izango da Atxulondo kultur etxean. Zinemaldi honek nazioartean aitortza handia duen mendiko zinemaren onena dakarki urtero, eta Zizurkilen edizio honetako lan aipagarrienak ikusteko aukera izango da aurten ere.
Larunbata izango da Zizurkilgo Kirol Astearen egun nagusietakoa. Egun osoan zehar egitarau oparoa eskainiko da herriko hainbat txokotan, publiko guztientzat pentsatutako kirol eta aisialdi jarduerekin. 11:00etan hasiko dira ekintzak, Intxaur frontoian, ZEKek antolatutako herri kirol eta jolasekin. 16:00etan, kirolari gazteenak izango protagonista izango, Gipuzkoako eskolarteko pilota partidekin. Ondoren, 17:00etan, Joxe Arregi plaza bizikletaz beteko da, Danena Txirrindularitza Elkartearen eskutik antolatutako bizikleta ginkanarekin eta 18:30ean, Neskide gorengo erregional taldeak Ilintxaren aurka jokatuko du.
Iluntzean, tradizio handiko Gau Krosaren txanda izango da. Ibontxo Gonzalezen omenezko lasterketa 22:30ean hasiko da, eta aurretik, 21:30ean, haurren lasterketa eta 22:00etan gazteen lasterketa abiatuko dira. Izen-ematea zabalik da, jada, www.herrikrosa.eus webgunean.
Igandean, berriz, Kirol Asteari amaiera borobila emango zaio. Goizeko 12:00etan, Joxe Arregi plazan, Denok Danena taldeak antolatutako Egarri Halterofilia Trofeoa jokatuko da. Arratsaldean, 16:30ean, Intxaur frontoian, Ziotza eta Urnietako Pilota Elkarteko umeek neurtuko dituzte indarrak, eta 18:00etan, Danenako ohorezko kadeteek Añorgaren aurka jokatuko dute.
Maite Amenabar Alkorta alkateak azpimarratu duenez, “herriko kirol eragileek, Udalarekin lankidetzan, lan handia egin dute egitarau zabal hau antolatzeko. Elkarte guzti-guztiak dira funtsezkoak horrelako ekintzak aurrera eramateko, eta Udalak eskerrak eman nahi dizkie, beste behin, giro paregabea sortuko duten egun hauek prestatzen laguntzeagatik”. Zizurkildar guztiak ekitaldietan parte hartzera ere gonbidatu nahi izan ditu Amenabarrek: “Herritar guztiei dei egin nahi diet ekitaldietan parte hartu eta kirolaz zein herrian izango den giro apartaz goza dezaten”.
Egitaraua
Abenduak 10, asteartea:
- 18:30: Subcampeon liburuaren aurkezpena, Atxulondo Kultur Etxean, Ander Izagirre eta Zuhaitz Gurrutxagaren eskutik.
Abenduak 13, ostirala:
- 19:00: Pirineos Mendi Film Festival. 2024ko film aukeratuen emanaldia Atxulondo Kultur Etxean.
Abenduak 14, larunbata - 12 orduz kirolean:
- 11:00: Herri kirolak eta jolasak ZEKen eskutik, Intxaur frontoian.
- 16:00: Gipuzkoako eskolarteko pilota partidak, Intxaur frontoian.
- 17:00: Bizikleta ginkana, Joxe Arregi plazan, Danena Txirrindularitza elkartearen eskutik.
- 18:30: Neskide gorengo erregional taldea Ilintxaren aurka.
- 21:30: Haurren Gau Krosa.
- 22:00: Gazteen Gau Krosa.
- 22:30: Ibontxo Gonzalezen omenezko XXVII. Gau krosa.
Abenduak 15, igandea:
- 12:00: Egarri Halterofilia trofeoa, Denok Danenaren eskutik, Joxe Arregi plazan.
- 16:30: Ziotza eta Urnietako Pilota Elkarteko umeen arteko pilota partidak, Intxaur frontoian.
- 18:00: Danena Ohorezko kadeteak Añorgakoen aurka.