Eduki publikatzailea
Atzealdea Zizurkilgo Udalak AROA ZIZURKIL 2024-2027 Euskara Plan berria aurkeztu du
2017·07·10
Udalak AROA Zizurkil 2024-2027 Euskara Plan berria aurkeztu du, euskara sustatzeko konpromiso irmoa berretsiz. Joxe Arregi plazan, Maite Amenabar alkateak, hainbat sektoretako herriko eragileekin batera, datozen urteetan euskararen erabilera sustatzeko ezarriko diren neurriak azaldu ditu.Plana herriko kultura, kirola, merkataritza, ostalaritza, hezkuntza eta gazteriako eragileekin garatu da lankidetza estuan, eta aurten onartutako Eusko Jaurlaritzaren AROA estrategiarekin bat dator. Helburua inguru eleanitzetan euskararen erabilera sustatzea eta hiztunak ahalduntzea da. Amenabarren esanetan, plan horren helburua da "euskal hiztun aktibo eta ahaldunduak dituzten herriak indartzea, euskararen transmisioa ziurtatzea, hiztun aktiboen kopurua handitzea, euskararen ezagutza unibertsalizatzea eta hizkuntza oraindik menperatzen ez dutenei edo iritsi berriei hurbiltzea". Hori guztia lortzeko, Zizurkilgo Udalak ondorengo konpromiso hauek hartu ditu, besteak beste:
- Euskararen agenda politikoa gobernantzaren erdigunean jartzea, Udalaren erabilera plana onartzearekin batera.
- Bi planen urteko jarraipena egitea.
- Tolosaldeko eta UEMAko Euskararen Mahaiko kide izaten jarraitzea, foro horietan adostutako lan-ildoei jarraituz.
- Gure gizarte anitzaren hizkuntza-erronkei aurre egiteko estrategiak garatzea.
- Osasunaren, bankaren eta tokiko merkataritzaren sektore estrategikoetan euskaldunak sar daitezen sustatzea.
- Eguneroko bizitzan euskararen erabilera sustatzeko sariak eta aintzatespenak ezartzea.
- Ikastetxeetan garatzen diren programak mantendu eta indartuko dira.
- Herriko talde eragileekin euskararen erabilera eta beraien eguneroko jardunean euskaraz aritzeko estrategiak landu eta garatuko dira.
- Herriko merkatari eta tabernariei laguntza eskainiko zaie euskaraz aritzeko.
- Atzerritarrek euskaraz ikas dezaten ahalegin berezia egingo da eta txikienei ere errefortzuak eskainiko zaizkie.
- Langile atzerritarrei eta migratzaileei euskarazko murgiltze-programak laguntzea.
- Tokiko euskarazko komunikabideen irisgarritasuna eta ikusgarritasuna hobetzea.
AROA plan estrategikoa Eusko Jaurlaritzaren makroestrategia baten baitan garatu den arren, alkateak azpimarratu du plana Zizurkilgo errealitate soziolinguistikora egokitzen dela. Izan ere, biztanleen % 74,7k daki euskara, % 77k Zizurkil herrigunean eta % 62k Elbarrenan. “Euskara Zizurkilgo bihotza da eta euskara bizirik mantentzeko hainbat ekintza bultzatzen dira Udaletik”, azaldu du Amenabarrek. “Esaterako, Oporretan Euskaraz udalekuak prestatzen ditugu eta, besteak beste, euskara ikasteko eta ostalaritzetako errotuluak euskaratzeko dirulaguntzak eskatzeko epea zabaldu dugu. Abizenak euskalduntzeko kanpaina ere martxan daukagu eta, beste urte batez, bat egin dugu zerbitzuen sektorean euskara sustatzeko “Bertatik Bertara” kanpainarekin”, adierazi du. Ildo beretik, datorren astean Oihan Vegaren “Euskañolitis” bakarrizketaz gozatzeko aukera izango da Atxulondoko terrazan. Umorez eta sarkasmoz, Vegak euskararen erabilerari buruz hausnartzera gonbidatuko gaitu.
Alkatearen iritziz, "euskararekiko konpromisoa ezinbestekoa da gizarte bidezkoagoa eraikitzeko, eta plan hau urrats garrantzitsua da Zizurkilgo esparru guztietan bizirik eta aktibo jarrai dezan. Plan handinahia idatzi da. Hamaika erronka ditugu aurretik hurrengo lau urteetarako”, nabarmendu du. Urtez-urteko kronogramak egingo dira guztia martxan jarri ahal izateko, baina plan honek arrakasta izateko herriko eragileak funtsezkoak dira: “Beraien inplikazioa eta konpromisoa ezinbestekoak dira ekintzak Zizurkilgo txoko guztietara iristeko. Euren etengabeko lankidetza eta laguntza eskertu nahi dugu, beraiek gabe ezinezkoa izango bailitzateke gure helburuak lortzea, azpimarratu du Maite Amenabarrek.
Zizurkilgo Udala Udalaren Erabilera Plana prestatzen ari da gaur egun, eta irailean onartzea da helburua. Plan hori funtsezkoa da euskararen normalizazioan, bai udalerriak bai Udalak elkarrekin aurrera egin dezaten.