Eduki publikatzailea

Atzealdea Etorkizun jasangarriago baten aldeko konpromezua

Mugikortasunaren Europako Astean gaude murgilduta eta Kotxerik gabeko Nazioarteko Eguna ospatuko da igande honetan.

2024·09·20


Mugikortasunaren Europako Astean gaude murgilduta eta Kotxerik gabeko Nazioarteko Eguna ospatuko da igande honetan.  Zizurkilgo Udalak ekimen honekin bat egiten du eta herritar guztiak garraio jasangarriagoak erabiltzera animatu nahi ditu.

Zizurkilgo Udaletik, herritar guztientzako mugikortasun irisgarri eta duinaren aldeko konpromisoa berresten dugu, eta garraio publikoaren zerbitzuak indartzeko lanean jarraitzen dugu. Tolosaldea Garatzenekin lankidetzan, autobusaren ibilbidea aldatzeko eskaera egin du Udalak, herrigunearen eta tren-geltokiaren arteko lotura hobetzeko. “Zubiaurretxoko bidegurutzetik Adunarantz joan beharrean, autobusa Elbarrenarantz joatea proposatu dugu. Bi noranzkoetan eskatu dugu aldaketa, alegia Zubimusu zubitik eta Olaederrako zubitik pasa dadin. Aldaketa hori funtsezkoa da bizitegi-eremua eta tren-geltokia ondo lotuta daudela bermatzeko eta ari dira jada autobus zerbitzuaren ibilbideak aldatzen", nabarmendu du Maite Amenabar alkateak.

Hala ere, Udalak kezka adierazi nahi du tren-geltokian trenbidearen beste aldeko pasabidea oztopatzen duen hesi bat jarri berri dutelako. Neurri hori ulertezina da; izan ere, geltokian igogailurik ez dago, eta horrek mugikortasun arazoak dituzten pertsonek zein haur-kotxeekin doazen herritarrek garraiobide publiko hori erabiltzeko duten eskubidea urratzen du. “Kexa bat aurkeztu diogu ADIFi, Villabonako Udalarekin batera, eta lanean jarraituko dugu egoera hori konpontzeko eta geltokiaren baldintzak hobetzeko,” gaineratu du Amenabarrek. “Zizurkilgo Udalak guztiontzat irisgarria eta duina den garraio publikoaren alde lanean jarraituko du”.

#MugikortasunJasangarria #GarraioPublikoa #Zizurkil #KotxerikGabekoEguna