Eduki publikatzailea

Atzealdea GORA TELOIA! Aiztondoko Antzerkialdiaren IV. edizioa martxan da

Aduna, Asteasu, Alkiza, Larraul eta Zizurkilgo udalek elkarlanean antolatu dute GORA TELOIA!

2026·03·10


Aduna, Asteasu, Alkiza, Larraul eta Zizurkilgo udalek elkarlanean antolatu dute GORA TELOIA! Aiztondoko Antzerkialdiaren IV. edizioa. Martxoan zehar, arte eszenikoek hartuko dituzte Aiztondo bailarako herriak, adin guztietarako egitarau zabal eta askotarikoarekin.

Zizurkilgo alkate Maite Amenabarrek nabarmendu duenez, “laugarren urtez jarraian antolatu dugu elkarlanean GORA TELOIA! Aiztondoko Antzerkialdia. Bailarako herrien arteko lankidetzari esker, gure tamainako herrietan ere kalitatezko kultur eskaintza zabala antolatzeko aukera dugu. Antzerkia kultura bizitzeko eta partekatzeko modu ederra da, eta jaialdi honek aukera ematen du publiko mota guztiek arte eszenikoekin gozatzeko”.

Programazio anitza bailara osoan

Martxoan zehar, antzerkia, ipuin kontaketa, ahozko jardunak eta kale ikuskizunak izango dira Aiztondoko hainbat gunetan.

  • Adunan, martxoaren 13an hasiko da egitaraua Hogei urte baten amaitu zen mundua lanarekin (19:30ean, Elordi aretoan), eta martxoaren 16an haurrei zuzendutako Pulcinella Txio-Txinela!!! ikuskizuna eskainiko da eskolan eta plazan.
  • Alkizan, martxoaren 12an Alaia Galtzagorria ikuskizuna izango da frontoian, eta martxoaren 20an Nortasun Agiria antzezlana Ganbaran.
  • Asteasun ere hainbat saio izango dira eskolako ikasleentzat eta herritarrentzat, hala nola Azken eguzkilorea, Eskolan magia eta Baleazaleak.
  • Larraulen, berriz, martxoaren 10ean Baso zaindaria haur ikuskizuna izango da eskolan, eta martxoaren 18an Ez Romeo, ez Julieta antzezlana.

Antzerkialdiaren azken txanpa berriz, Zizurkilen izango da, martxoaren 14tik 27ra bitarteko egitarauarekin.

Martxoaren 14an Maite Francoren ipuin kontaketa izango da Plazida Otaño liburutegian (11:00). Eta igandean, martxoaren 15ean, 1:1 eskala antzezlana eskainiko dute Alaia Martin eta Olatz Salvadorrek Atxulondon (18:00).

Martxoaren 18an Ahoz-aho jaialdia izango da Plazida Otaño liburutegian, Mar Amado eta Amaia Elizagoienek helduentzako kontaketa eskainiko dute. Ondoren, Atxulondo kultur etxean herriko haurrei eskainitako hainbat emanaldi izango dira: Hazia, Txapeldunak eta ikastetxeetako umeen emanaldiak.

Jaialdiari amaiera emateko, Artilluso kale antzerkia eskainiko da martxoaren 27an Joxe Arregi plazan, lehen hezkuntzako ikasleei zuzenduta.

Aiztondoko Antzerkialdiaren laugarren edizioak, beste behin ere, bailarako herrien arteko elkarlana eta kulturaren aldeko apustua indartuko ditu, antzerkia herrietara hurbilduz eta publiko berriak erakarriz.