Eduki publikatzailea

Atzealdea “Bertatik bertara” kanpainan hartuko du parte Zizurkilek, zerbitzu sektorean euskara sustatzeko

Zizurkilgo Udalak bat egin du zerbitzu sektorean euskararen erabilera sustatz.

2024·07·10


Zizurkilgo Udalak bat egin du zerbitzu sektorean euskararen erabilera sustatzeko “Bertatik Bertara” kanpainarekin. UEMAk antolatutako ekimenak sektoreko langileen eta udalerri euskaldunetako bisitarien arteko euskarazko komunikazioa areagotzea du helburu.

Kanpainaren bosgarren edizio honetan, hainbat baliabide eskainiko dira euskararen erabilera errazteko. Besteak beste, eskuorriak, oinarrizko hiztegi bat eta 300.000 mahai-gaineko banatuko dira taberna eta jatetxeetan. Era berean, lehen aldiz, UEMAk diptikoak prestatu ditu euskaraz, ingelesez, katalanez, gaztelaniaz, frantsesez eta galegoz, turismo-bulegoetan, landa-ostatuetan eta bisitarientzako beste interesgune batzuetan zabaltzeko. Eskuorria, gainera, denda, taberna eta jatetxeen ate edo erakusleihoetan itsasteko moduan diseinatu dute, eta euskaraz aritzeko oinarri-oinarrizk​o hiztegira ere bideratzen ditu bisitariak, QR kodearekin. Gazteleraz, katalanez, frantsesez eta galizieraz dago hiztegia.​

Aurtengo beste berrikuntza gisa, euskarriek  QR bat izango dute, kanpainaren webgune orokorrera bideratzeko. Bertatik, erabiltzaileek 'Nire bidaiaren soinu banda' izeneko erreprodukzio zerrenda eskuratu ahal izango dute Spotifyn. Horri esker, bisitariek euskal musika ezagutzeko aukera izango dute eta Euskal Herriko egonaldian zehar esperientzia kultural aberatsagoaz gozatu.

"Bertatik Bertara" lelopean, kanpainak euskararen balioa nabarmendu nahi du, udalerri euskaldunen nortasun kulturalaren isla den aldetik, eta gogorarazi nahi du bertako hizkuntza ere funtsezkoa dela bezeroari ematen zaion arretan kalitatea eta hurbiltasuna eskaintzeko. Ekimen honek hainbat udalerrik eta tokiko negoziok euskara sustatzeko elkarrekin egindako ahalegina adierazten du, bisitarien esperientzia aberastuz eta eskualdeko kultura eta hizkuntza aberastasuna erakutsiz.

"Euskara gure nortasunaren funtsezko zutabea da. 'Bertatik Bertara' kanpainarekin, zerbitzuen sektorean erabilera sustatzeaz gain, gure kulturan murgiltzera gonbidatzen ditugu bisitariak. Horrelako ekimenak funtsezkoak dira gure hizkuntza zaintzeko eta biziberritzeko, bisitatzen gaituztenei gure herriaren aberastasuna eta abegia erakutsiz. Ziur nago elkarrekin lortuko dugula euskara eguneroko komunikazio-hizkuntza izatea turismoaren esparruan ere", adierazi du Maite Amenabar alkateak.