Plaza Etxeberri, Udal jabetzako eraikina izango da

2018ko azken udalbatzan, aho batez onartu zuten alderdi guztiek Plaza Etxeberri etxearen erosketa jasotzen duen hitzarmena. Lehen ordainketa egin du Udalak eta berau izango da 2019 urteko inbertsio nagusia.

Alkateak herriko zerbitzuak indartzeko modu gisa ikusten den Plaza Etxeberriren erosketa. “Taberna-jatetxe zerbitzua bermatuz, herrian bizia mantentzeko modu bat izango da epe motzean eta aurrera begira 196 m2ko hiru solairuko etxea izanik, aukera asko ematen dituela iruditzen zaigu. Plazan eraikin garrantzitsua da eta horren kontrola Udalak edukitzea nahi izan dugu.” Lehen ordainketa egin du jada Udalak. “750.000 eurotan erosiko dugu eraikina, urtarrilaren 15ean egin genuen lehen ordainketa eta martxoaren amaieran egingo dugu bigarrena. Azken zatia datorren urtean ordainduko da”. Ekonomikoki, akordio ona delakoan da Luengo. “Udalak bere aldetik egindako balorazioak ere erakutsi du bi aldeak asebetetzeko moduko akordioa dela”. Lehen ordainketa eginda, Zizurkilgo Udalak etxebizitza eskrituratu du. “Inbertsio handia da, 8 urteetako handiena, baina ikusten genuen orain bai, bagenuela aukera horretarako hainbeste urteetan zorra murriztu eta gero”.

Proiektuak piztu duen interesaren seinale, bi aldeen arteko hitzarmena Udal talde guztiek babestu izana nabarmendu du Luengok. Erosketa honi aurre egiteko, EH Bildu agintean denetik lehen aldiz, zorpetu egingo da Zizurkilgo Udala. “Aurten 450.000 euroko mailegua hitzartu dugu, urte hasieran ordainketak egiteko likidezia behar dugulako egin da kopuru horren eskaera baina mailegu horretatik 150.000 euro aurten bertan itzuliko dira, crédito puente deitzen zaion formula bidez”. Honela aurtengo urtea miloi bat euroko zorrarekin amaitzea aurreikusten du Zizurkilgo Udalak, “zorra gehiegi igo gabe eta gainera hurrengo urterako remanente edo gerakina aurreikusi dugu. Horrela, datorren urteko azken ordainketaren zati handiena remanente horrekin egin ahal izango da”, azaldu du alkateak.

Epe luzeko proiektua

Plaza Etxeberri epe luzeko proiektu gisa hartzen du Udal gobernuak. “Behin etxebizitza eskrituratuta, datozen hilabeteetan lehiaketa publikoa landuko dugu taberna-jatetxearen ardura hartzeko, aktibitateari eusteko”. Handik aurrera eraikinean jar litezkeen zerbitzuen inguruan gogoeta lasaia egin behar dela uste du alkateak. “Herritarrekin presarik gabe aztertu beharreko kontua da eraikina zertarako erabili, datorren legealdian egin litekeen parte hartze prozesu interesgarri bat bezala ikusten dugu. Iriarte baino leku handiagoa ematen digun eraikina da, etxebizitza beraren zentzu historikoa ahaztu gabe. Guk abiatu eta Udal talde berriak jarraipena emateko proiektu polita delakoan gaude”.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.