Hondakinen Programa bat jarri da martxan Zizurkilen

Hondakinen kudeaketa hobetzeko asmoz, eta hauei lotutako arazoei aurre egiteko xedez, udalak hondakinen gaia lantzeko programa bat martxan jartzea erabaki du. Programa honen bitartez sentsibilizazioa eta kontzientziazioa jorratuko da, bilketa sistemaren jarraipen eta kontrol handiagoa egingo da eta Hondakinen Batzordea osatuko da programa honen nondik norakoak azaldu eta adosteko asmoz.

Hondakinen sentsibilizazioa eta kontzientziazioa lantzeko, udalak hezitzaile bat kontratatu du urritik hasi eta 6 hilabeteetarako. Hezitzaile honek etxez etxeko bisitak egingo ditu eta bisita hauetan sentsibilizazioa izango da helbururik nagusiena, baina herritarrekin harreman zuzen hori aprobetxatuko da udalak dituen datuak konfirmatzeko (ontzien zenbakiak, ateratzeko maiztasuna eta lekua, konpostarik egiten duten…) eta haien iritziak eta proposamenak entzuteko. Ahal den neurrian eta proposamen zehatz eta bateratuak egonez gero, haiei erantzuna emateko bideak bilatuko dira.

Bilketa sistemaren jarraipen eta kontrola hobetzeko, Zizurkilen dauden puntu beltzen jarraipena egingo da, eta beharrezkoa izanez gero, zigor espedienteak areagotuko dira. Gainera, kalean, bildu gabe dauden ontzien jarraipena egingo da, eta gogoraraziko da, norberak ontziak bere etxean gorde behar dituela eta dagokion egunean jaitsi behar dituela bilketa orduetan, iluntzean.

Bukatzeko, lanketa hau guztia koordinatzeko, sustatzeko eta modu adostuan bideratzeko Hondakinen Batzordea osatuko da. Batzordean hondakinen datuen azterketa egingo da, eta horien gainean, eta programaren lanketaren bilakaeraren arabera, erabaki adostuak hartzeko aukera egongo da.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.