Mugikortasun asteko ekintzak

2.000 urteaz geroztik, irailaren 16tik 22ra Europa mailan Mugikortasunaren Astea ospatzen da udalerri askotan eta aurtengoan ere Zizurkilgo udalak bat egin du eguneroko joan-etorriak oinez, bizikletan eta kutsadura gutxiago sortzen duten garraiobideetan egitera helburutzat duen sentsibilizazio-kanpaina honekin. Kanpaina honen baitan kokatzen da irailaren 22an antolatzen den “Autorik gabeko eguna” ekimena ere, herri eta hirietan motordun trafikoak sortzen dituen arazoenkontzientziatzea bilatzen duena.

Aurreko edizioetako ohiturari jarraituz, mugikortasun jasangarriarekin zerikusia duten ekintza ezberdinak antolatu ditugu Aiztondo bailarako beste udalekin batera; hala nola, 2. Eskuko azoka, bizikleta-bira eta bizikleten mantenu egokiari buruzko tailerra eta gynkana.

EGITARAUA

  • Irailak 15 (larunbata): mugikortasun jasangarria eta hondakinen prebentzioa uztartzeko asmoz, Villabonan eta Zizurkilen herritar orori zuzendutako ekintzak antolatu dira:

-        2. Eskuko gauzen azoka:Villabonako Berdura plazan, 10:00etatik 13:00etara (objektuak edo materiala saldu nahi duten herritarrek 9:30ean Berdura plazara gerturatzea beharrezkoa da. Azoka amaitu ondoren, 13:30ean, berriz ere bertaratu beharko dute, saldu ez den materiala eta saldutakoaren zenbatekoa jasotzeko).

-        Bizikletaren mantenuari/mekanikari buruzko tailerra eta Gynkana: Zizurkilgo Pasus plazan, 10:30etik 13:00etara. Etxetik bizikleta eramatea gomendatzen da, bizikletaren egoera zer nolakoa den ikusi eta ondoren bere mantenuari buruzko aholkuak jasotzeko, bizikletaren oinarrizko mekanikari buruzko oharrak emateko, etab.

 

  • Irailak 21 (ostirala): Aiztondo bailarako Mugikortasun-festa. 10:00etatik 12:00etara, Zizurkil eta Villabona elkartzen dituen Zubimusu zubian eta inguruko kale nahiz errepideetan ospatuko da. Bailarako ikastetxeetako ikasleek eta irakasleek inguru horietako kaleak hartu eta mugikortasun iraunkorrarekin harremana duten jokoak egingo dituzte (parte hartzaileei bertako produktuez osatutako hamaiketako osasungarria eskainiko zaie). 9:30etik 12:30era motordun trafikoari lotutako mozketak egongo dira Zizurkilen,trenbide azpitik Zubimusu zubiraino, jokoak garatuko diren eremuetan -soilik oinezkoek, bizikleta-erabiltzaileek eta baimendutako ibilgailuek igaro ahal izango dute motordun trafikoari itxitako eremuetatik-.

Bide batez, antolatzaileek herritarrak sentsibilizazio-kanpaina honekin bat egitera animatu nahi dituzte.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.