Euskaraldia kanpaina hastear da Zizurkilgo saltoki eta tabernetan

Herriko merkatari eta ostalari guztiek egin dute bat Euskaraldia kanpainarekin. Hori dela eta, ekainaren 6tik aurrera, hileko lehenengo asteazkenean Euskal Pintxo Pote Egunaz gozatu ahal izango da Elbarrenako taberna guztietan. Musika euskaldunak animatuta, giro ederrean mihia euskaraz dantzatzeko aukera paregabea izango dute herritar guztiek. Eta, gainera, aukera suertatzen bada, egun horretarako bereziki prestatutako euskal pintxoa dastatzeko aukera ere izango da horretara animatzen diren tabernetan.

Herrigunean, Zizurkil Goian bi egun geroago ekingo diote kanpainari. Hain zuzen, Herriguneko tabernek pintxo-potea egiteko ohiturarik ez dutenez, Euskaraldia kanpainaren harira, hileko lehenengo ostiraletan Euskal Pintxo Pote Eguna egitea adostu dute. Ekainaren 8an hasiko dira ekimenarekin, eta uztailean eta abuztuan atseden hartu ostean, irailean ekingo diote berriro ere Euskal Pintxo Pote Egunari.

Zizurkilgo merkatari guztiak ere gehitu dira ekimenera, eta, euren kasuan, ekainaren 11tik 15era bitartean izango dute martxan kanpaina. Aste horretan zehar euskaraz erostera joaten direnek aitortza berezia izango dute. Txartel bat emango diete saltzaileek bezero horiei, beren datuak idazteko eta aste amaieran egingo den zozketan parte hartzeko. Hainbat sari txiki egongo dira denen artean banatzeko: pintxoa eta potea herriko taberna eta jatetxeetan, gosaria herriko kafetegietan eta erosketa-txartela Zizurkilgo Eroskin.

Zizurkilgo taberna eta saltokietan abian jarriko den kanpainaren helburua da euskaraz dakitenak euskara erabiltzera bultzatzea, eta apur bat dakitenak baina lotsaz erabiltzen ez dutenak euskaraz jardutera gonbidatzea. Izan ere, Maite Amenabar zinegotziak adierazi bezala "Zizurkildarrak euskaraz entzutea da sari handiena".

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.