2018ko aurrekontuak onartu dira

3.315.850€ ko aurrekontua izango du Zizurkilek 2018an, aurreko urtean baino % 6 handiagoa. Joxe Mari Luengo alkateak azaldu duenez,  bi arrazoi daude horretarako, batetik, Udalaren sarrera nagusia den foru funtsetik 100.000€ gehiago espero direla eta bestetik 2016an sortu zen desoreka bat ordaintzeko aurrekontua igo dela. “100.000€ pasako desoreka egin zen etxebizitza proiektu bat ez zelako garatu, hori orekatu behar izan dugu aurtengo aurrekontuetan. Hori bai, mailegua beharrean agian Udal bulego zaharren subasta egingo dugu, aztertzen ari gara”.

Zorra jaisten

Zorra nabarmen murriztu da. “Urtea 800.000 euroko zorrarekin amaitzea aurreikusten dugu, beraz mailegu txiki bat eskatuta ere miloi bat euroko zorraren azpitik geundeke. Udalean sartu ginenean zegoen zorraren herena da hori, EH Bildu agintean dagoen urteotan guztietan mailegu bat bera ere ez baitugu eskatu, gastuak ondo begiratu eta Udala bideragarri egiteko helburuarekin aritu gara buru belarri. Eta Noski, hori sumatzen da aurrekontuetan ere, zorra ordaintzera gero eta gutxiago bideratzen baitugu, aurtengoetan iaz baino 40.000 euro gutxiago bideratuko ditugu zorrera, eta orain urte batzuk bideratzen genuena baino 100.000 euro gutxiago”.

Aurrekontuaren zati handiena Udal langileak eta zerbitzuen funtzionamendua ordaintzeko izan ohi da, zorraren ordainketaz gain. “Langileei %1,5 igo zaie aurten soldata eta horrek gastu hori zertxobait handitzea ekarri du, gainontzean ez dago arlo horretan aldaketa nabarmenik.

Estalpea

2018ko inbertsio nagusia Joxe Arregi plazako estalpea izango da. “Aurreko urteetan mailegu bidez egingo ote genuen aztertu dugu baina egoerak ez zuen ematen horretarako. Aurtengo inbertsio nagusia izango da eta helburua festetarako eginda egotea da. Hori izan zen bizilagunen eskaera plaza diseinatzean eta honekin amaituko dugu herriko erdiguneko proiektua. Ura agentziarekin bilerak egiten ari gara, ahozko baimena badugu baina ziurtatu nahi dugu lanean hasi aurretik. Ura agentziaren baimena behar dugu Jaurlaritzak Asteasu Erreka bideratzeko lanak egin arte Elbarrenako zati handi bat, plaza barne, inundable edo uholde arriskudun jotzen baita. 235.200€ko aurrekontua du eta lanek bi hilabete irautea espero da. Amaitzean Elbarrenak behar zuen estalpea izango du euri egunetan egoteko eta plazan edozein ekitaldi lasai egiteko”.

Bestelakoetan herri bideen konponketa eta futbol zelaiko harmailak aipatu dizkigu Luengok baita herrian LED argiak jartzen jarraitzeko diru partida ere. Aurtengo estalpearen lana eginda bi plaza nagusien berritzeak egintzat eman ditu Udalak eta auzoetara begira jarri da. “Udal gobernu honek badaramatza pare bat urte Bulandegi auzoan egin litekeena aztertzen, gure ustez hori da hurrengo urteko lehentasuna, baina oso proiektu konplikatua da. Beste alderdiei eskatu diegu inplikatzeko, azkenean Udalak ezin baitu bakarrik jardun, Aldundiaren errepidea dago tartean, sahiesbidearen proiektua momentuz utzita dutena… denen artean egin behar dugu indar”, azaldu du alkateak.

 

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.