Xabier Pellejerok herritarren esker ona jaso du Txapel Egunean

Txapel Egunak indartsu bete ditu 25 urte. Xabier Pellejero herritarrari omenaldia eginez, egun osoko ekitaldi sorta izan zen festa batzordeak antolatuta, Zizurkilgo Udalaren laguntzarekin.

Eguerdian, frontoia bete jende elkartu zuten Bukalai dantza taldeko haurrek. Herriko 100 haur eta gaztetxok dantzarako trebeziak erakutsi zituzten Intxaur frontoian, ordubete inguruko emanaldian. Ikuskizun paregabearen ostean, txorizo pintxoa izan zuten guztiek sari.

Arratsaldeko lauetan berriz, egun honetan tradizioa den txapeldunen musa izan zen zentroan, Salaberria-Baz bikotea izan da aurtengo edizioko txapelduna. Bi txapelaz gain, arkumea eta bina ardo botila eraman zituzten Kortajarena-Arregi bikotearen aurka jokatutako finalean.

Arratsaldeko hitzordu nagusietakoa ordea, 17:30etan izan zen, Plazaberri dema plazan. Orain artean plazaratu gabeko idiekin nor baino nor aritu ziren Larraulgo Pedro Joxe eta Orioko Oliden, 20 minutuko txandan. Bi idi bikoteek ere lan txukuna egin zuten, 45 plaza eta 3 zinta lehenik aritzea egokitu zitzaion Larraulgo idi pareak, 48 plaza Oriokoak. Xabier Pellejero omenduak berak eman zizkien oroigarriak bertaratutako dozenaka lagunen txalo artean.

Horren ondoren, iluntzea jan edanez eta trikitixaz osatu zen. Plazak itxura ederra hartu zuen Euskal herri osoko 9 gazta dastatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek ardo eta sagardoaz lagunduta. Irati Irurtzun eta Leire Lasa herriko trikitilariek alaitu zuten iluntzea.

Amaitzeko, 21:00etan 110 pertsona elkartu ziren txapeldunen afarian Plaza Etxeberri jatetxean. Afal ostean, ezusteko omenaldia jaso zuen Xabier Pellejerok. Urteetako argazkiak bilduta osatutako bideoa eman zen lehenengo eta ondoren festa batzordeak, EH Bilduk eta baserritarrek esker ona erakutsi nahi izan zioten oroigarri banarekin. Amaitzeko jaso zuen 2018ko txapela, iazko txapeldun izan zen Hernandorena Kultur elkarteko lehendakari Julian Arrastoaren eskutik. Pellejerori egokituko zaio horrela aurten abuztuko amabirjin festei hasiera ematea, berak hainbeste lan egin izan duen festetan txupinazoa jaurtiko du aurten. Esker hitzaldian, hunkituta etxekoak eta zizurkildarrak izan zituen gogoan omenduak, eta herrigintzan lanean jarraitzeko asmoa azaldu zuen ahal zuen bitarte. Gauari amaiera Amaia Agirre eta Iker Zubeldia bertsolariek eman zioten umorez, trikitilariek lagunduta.

Borobila izan zen, 25garren Txapel Eguna.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure esperientzia ahalik eta hoberena izan dadin. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie hauen erabilera onartzen ari zara.">Pribatasun politika.

Web orri honetako cookie-ak onartzen ditut.